Bertatik Bertarak hitzaldia, sukaldaritza erakustaldia eta dastaketa antolatu ditu
Baserriko produktuen ekoizpena eta tokiko kontsumoa sustatzeko sortu zen Bertatik Bertara proiektuko ekoizleek antolatuta show cooking saioa egingo dute larunbat iluntzean Ezkioko Topa ostatuan. Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Ezkio, Itsaso eta Gabiriako ekoizleek eramandako produktuak zuzenean sukaldatuko dituzte Topako sukaldean eta Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistak jakien inguruko informazioa eskainiko du zuzenean.
Garaiko produktuak dira kozinatuko dituztenak, pintxoak eta plater beroak osatuko dituzte, ondoren, bertaratzen direnen artean banatzeko. Nutrizio aldetik udazken neguko produktu hauek duten nutrizio-balioei buruz arituko da Monasterioguren eta plater orekatuak prestatzeko gomendioak ere partekatuko ditu. Larunbatean, 20:00etan emango diote hasiera show cooking-ari eta sarrera doakoa izango da.