Ehunka lagun elkartu dira Areizaga-Kalebarren plazan

Gaur eguerdia Martxoaren 8ko ekitaldi nagusia egin dute Areizaga-Kalebarren plazan, Urola Garaiko Koordinadora Feministak antolatuta. Musika, bertsoak eta dantza izan dira eta adierazpena irakurri dute.
Horra hor Amaia Iturriotzek abestutako bertsoak:
Eguerdion guztioi
Egingo dut tiro
Kezkatzeko badugu
Nahi beste motibo
Zaintza-sistemak berriz
Digu huts egingo
Indarkeri matxista
Gazteengan da igo
Eta martxoak 8
Heldu da berriro
Ustez defentsarako
Gastua igota
Eskuinerantz lerratzen
Doanez Europa
Andre langileen alde
Hobe hitzok bota
Disidenteen alde
Egin daigun topa
Ta atzerritartasun
Legearen kontra
Adierazpenari dagokionez, faxismoaren gorakada salatu dute eta bere aurka borrokatzea eskatu dute. Horra hor testua:
“Iaz Gure bizitzekin negoziorik ez! lelopean atera ginen kalera, lehen greba feminista orokorra egin eta hiru hilabetetara. Euskal Herriko mugimendu feminista geroz eta indartsuago eta artikulatuago dagoela erakutsiz, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde. Testuingurua ez da askorik aldatu. Desberdinkeriek bere horretan diraute. Zapalkuntza mekanismo forma berriak agertu dira, botere erlazio forma konplexuak agertu zaizkigu eta ezin dugu dena dikotomia sinpleetan ulertu. Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikus dezakegu hainbat esparru eta sektoreetan: sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan… Ez da soilik urrutiko zerbait, eskuinetik datorrena ez da mugimendu estanko bat. Ezkerreko sektore batzuetan ere feminismoaren aurkako jarrera eta diskurtso arrazisten gorakada ikusten ari gara. Diskurtso hauek guztiak ezinbestekoak dira sistema zisheteropatriarkal kapitalista, kolonialista eta arrazistarentzat. Horregatik, feminismoarekin bat egin behar dugu. Feminismoa ezkerreko borroken erdigunera ekarri behar dugu, feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista. Feminismoa baita eraldaketarako proposamen integralak egiteko ezinbesteko mugimendua. Hainbat ardatz eta alorretan mekanismo ezberdinen bitartez, askotariko zapalkuntza eta esplotazio egoerak jasan behar ditugu gure gorputz eta lurraldeetan. Indarkeria matxista, krisi ekosoziala eta sistema arrazista eta kolonialista sostengatzen duten politika migratorioak salatu nahi ditugu. Martxoak 8 honetan ere, elkartasuna adierazi nahi diegu erresistentzian dabiltzan kideei. Euskal Herritik besarkada bana eta gure babes osoa Palestinari, Saharari, Kurdistani… Beraz, har ditzagun kaleak eta segi dezagun aliantzak eraikitzen oldarraldiz beteriko garai hauetan. Elkartu gaitezen, saretu gaitezen herriz herri. Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzera bidean. Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak!”.