Gerra garaian Euskal Herriko haur asko kanpora bidali zituzten, hemen arrisku bizian zeudelako. 32.000 euskal ume baino gehiago ebakuatu zituztela kalkulatzen da, gerraren izugarrikerietatik babesteko. Babesle nagusia Frantzia izan zen. 20.000 haur inguru iritsi ziren trenez eta itsasontziz. Belgikara 5.000 haur inguru iritsi ziren. Familia eta erakunde kristau zein sozialistek harrera egin zieten. Erresuma Batura 4.000 haur inguru bidali zituzten. Southamptonera heldu ziren gehienak, Habana itsasontzi ezagunean. Sobietar Batasunera 3.000 inguru joan ziren, lau espediziotan banatuta. Suitzara, Mexikora, Danimarkara… ere bidali zituzten. Asko itzuli egin ziren eta beste batzuk han gelditu ziren. Haurrak hartu zituzten familiek sekulako elkartasuna erakutsi zuten eta kasu batzuetan haurren familiek eta hartu zituztenek harremana dute oraindik. Urretxuko Legaristi familiaren kasua da. Beraien aita Belgikara bidali zuten haurra zenean eta bera hartu zuen familiarekin harremana dute. Aurten, belgikarrak Urretxun izan dira.
Carlos Soraluzen jaio zen 1929an. Gerra garaian familiak Bilbora ihes egin zuen eta bera eta bere anaia Javier Belgikara bidali zituzten ondoren. «Belgikan familia batek hartu zituen. Gerra amaitu arte izan ziren bertan. Belgikan, familiako seme-alabekin harreman estua egin zuten. Horietako bat bizi da oraindik eta gauza asko gogoratzen ditu. Henry Van Couter du izena eta aita berarentzat anaia bezalakoa zela esan du beti. Duela hilabete batzuk bideokonferentzia egin genuen eta gauza asko kontatu zizkigun. Eskolara elkarrekin joaten zirela, adibidez. Aita ikastetxeko azkarrena zela esan du beti. Aitak frantsesa ikasi zuen Belgikan», azaldu du Amaia Legaristik, Carlosen alabak.
Gerra amaitu zenean, gurasoak Belgikara joan ziren, bi semeen bila. Haurren aita Urretxuko Irimo enpresan lan egiten hasi zen eta familia Urretxura etorri zen. «Nire aitak ere Irimon lan egin zuen. 50 urterekin hil zen, nik 17 urte bakarrik nituenean. Ez zuen gerra garaiko kontuak kontatzeko ohiturarik. Amamak gauza gehiago kontatzen zizkigun: gerra oso gogorra izan zela, hasieran ez zekitela semeak non zeuden… Amamarentzat oso gogorra izan zen semeak Belgikara bidali behar izatea, noski. Oso txikiak ziren: aitak 7 urte zituen eta osabak 5».
Bi haurrek harreman estua egin zuten Belgikako familiarekin eta beraien gurasoak oso esker oneko azaldu ziren, noski. Hala, bi familiek harremanetan jarraitu zuten. «Aitak gutunak idazten zizkien. Algortara (Bizkaia) joaten ginen oporretara eta behin Henry gu bisitatzera joan zen bere familiarekin. Galiziara zihoazen eta Algortan geldialdia egin zuten. Henryk bost seme eta alaba bat ditu eta Belgikara joatea proposatu zidan. Hala, 15 urterekin, Belgikara joan nintzen. Bi hilabete eman nituen bertan: uztaila eta abuztua. Nahiz eta nik ez nekien frantsesez eta beraiek gazteleraz ere ez, oso ondo konpondu ginen. Nik frantsesa ikasi nuen. Alaba bezala hartu ninduten. Beraietako bat nintzen. Gainera, abentura izan zen: Parisera bakarrik joan nintzen eta han Henryren seme zaharrenarekin elkartu nintzen», gogoratu du Legaristik.
Horren ondoren, Amaiak eta belgikarrek gutunak idatzi zizkioten elkarri. «Alper samarra naiz horretarako eta, halako batean, gutunak idazteari utzi nion. Hala, harremana galdu genuen. Baina harremana berreskuratzeko gogoa nuen eta alabei Belgikara joatea proposatu nien. Belgikarrak ikusteko gogoa nuen. Azkenean, Interneti esker, Henryren alabarekin harremanetan jartzea lortu nuen. Ondoren, bi semerekin harremanetan jartzea ere lortu nuen: Luckekin eta Xabierrekin. Iaz Anne eta bere senarra Baionara (Lapurdi) etorri ziren oporretara eta etortzeko asmoa zutela esan zidan. Hala, Donostian gelditu ginen. Berak 12 urte eta nik 15 genituenetik elkar ikusi gabe ginen. Tren geltokian elkartu ginen eta eguna elkarrekin pasa genuen. Hegoaldea ere ezagutu nahi zutela esan zidaten eta nire etxera etortzea proposatu nien. Aurten etorri dira. Oso ondo pasa dute. Datorren urtean itzultzeko asmoa dute», aipatu du.
Poz handia
Ilusio handia egiten dio harremana berreskuratu izanak. «Henryrekin egin genuen bideokonferentzia oso hunkigarria izan zen. Oso pozgarria izan da harremana berreskuratzea. Izan ere, aitari ilusio handia egingo lioke. Belgikara joan beharra dut, Henry ikustera», amaitu du Amaia Legaristik.
