
Gaur arratsaldean Urola Garaiko mankomunitatearen batzar nagusia egingo dute. Bertan, 2025eko aurrekontuari buruz hitz egingo dute, besteak beste. EH Bilduk bere proposamenen berri eman du, prentsa ohar baten bidez. Horra hor prentsa oharraren edukia.
“EH Bilduren ekimenez eskualdeko enpresetan euskararen diagnostiko labur bat eta euskara planak martxan jartzeko sustapen lanak egingo dira. Koalizio abertzalearentzat funtsezkoa da eskualdean euskararen biziberritze prozesua berrindartzeko estrategia komun bat landu eta jauziak ematea. Lan munduaren esparruan euskara eskualdeko enpresen egunerokoan txertatzea, hezkuntzan geure ikasleen euskararen hizkuntza gaitasuna hobetzea eta eskualdeko komunikazio esparru aurreratu eta euskalduna egituratzea erronka estrategikoak dira guretzat. Urteak dira merkataritzan eta kirolean euskarak aurrera egiteko diagnostiko eta ekintzak bideratzen ditugula, baina lan mundua euskalduntzea ezinbestekoa da euskararen normalizazioan aurrera egiteko, baita euskaraz ikasi eta enpresa munduan euskaraz jarduteko aukerak zabaltzeko. Urola Garaiko lehiakortasun estrategia lantzen ari garen honetan, testuinguru ezin hobea daukagu hori gauzatzeko. Izan ere, ikerketek diote euskararen eta hizkuntzen kudeaketan aurreratuen dauden enpresak, lehiakorrak, sustraituak eta kohesionatuak direla. Hori izan den arren EAJ eta PSEk aurkeztu duten aurrekontu proposamenean txertatu den ekarpen bakarra, gehiago izan dira EH Bilduk egin dituenak. Hala nola, eskualdean euskara ardatz izango duen egitasmo komunikatibo multimedia bat martxan jartzeko lanak abiatzea; edota eskualdean arlo soziosanitarioari lotutako zerbitzuak eta hori elikatuko duen formazio eskaintza eta enpresa proiektuak martxan jartzeko egitasmoa. Bi proiektu horiek aurrekontuetatik kanpo geratu diren arren, ezinbestekoa izango da legealdi honetan horien gaineko hausnarketa bideratzea. Azkenik, aurtengo aurrekontuez gain, legegintzaldiari dagokionez bi erronka garrantzitsu daude eskuartean: Urola Garaiko Lehiakortasun Estrategiaren berrikuspena eta Urola Garaiko mankomunitateko zein Uggasako estatutuak berritu eta gaurkotzea ezinbesteko zutabetzat ditugu. Biek etorkizuneko gobernantza eredua definitzea eskatuko dute, eta EH Bilduko kideok gobernantza kolaboratiboaren alde egingo dugu, orain arte egin dugun bezala”.