
Osasun zentroak Urretxuko kirol orientazio zerbitzuarekin bat egin du. Hala, hemendik aurrera medikuek eta erizainek pazienteak kirol orientazio zerbitzura bideratuko dituzte, beharra ikusten dutenean. Gainera, zerbitzuko teknikaria osasun zentroan egongo da, zerbitzu hori erabili edo informazioa nahi dutenei arreta emateko. Kirol orientazio zerbitzua jarduera fisikoaren inguruko aholkularitza pertsonalizatua eta doakoa da.
Zerbitzu horren hedapena atzo aurkeztu zuten. Ekitaldian Maialen Fidalgo zinegotziak, Arantxa Uranga osasun publikoko ordezkariak, Iker Etxeberria Mugiment egitasmoko teknikariak, Wladimir Carassa Goierri-Urola Garaia ESIko erizain komunitarioak eta Xabier Barcina kirol orienatazio zerbitzuko teknikariak parte hartu zuten.
Fidalgok kirol orientazio zerbitzuak bost urte dituela gogoratu zuen. «Ariketa fisikoa osasun fisikoa eta mentala sustatzeko erreminta eraginkorra da. Hala, hasieratik izan dugu helburu ariketa fisikoa kiroldegitik harago eramatea, eguneroko bizitzaren esparruetara zabaltzea: kaleetara, parkeetara, jubilatuen etxera eta, orain, osasun zentrora. Bide horretan, ezinbestekoa izan da erakundeen arteko lankidetza».
Kirol orientazio zerbitzua komunitatea eraikitzeko eta zaintzarako tresna ere badela esan zuen. «Zerbitzu hau Urretxun azken urteotan abiatu dugun ibilbide estrategiko baten barruan ulertzen dugu: tokiko zaintza ekosisteman. Izan ere, zaintza ez da soilik egoera larrietan aktibatzen den zerbitzua. Komunitateak osatzen duen sare bizia da eta haren helburu nagusia da pertsonen autonomia, ongizatea eta duintasuna sustatzea bizitzaren arlo guztietan. Horregatik, ariketa fisikoa ez da guretzat jarduera fisiko hutsa, baizik eta zaintza tresna oso baliotsua: osasuna zaintzeko, bai fisikoki eta bai mentalki, gizarte loturak sortzeko eta bakardadea prebenitzeko».
Kirol orientazio zerbitzuari buruzko informazio gehiago nahi dutenek, kultur etxera (astelehenetan, 10:00etatik 12:00etara) edo osasun zentrora (asteazkenetan 11:00etatik 12:00etara eta ostegunetan 16:00etatik 17:00etara) jo dezakete.