Denis Itxaso Etxebizitza sailburua Urretxun izan da eta giltzak urrian emango dituztela aurreratu du

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua Urretxu eta Zumarragara etorri da gaur. Urretxun, Jon Luqui alkatearekin batera, jaurlaritzak Lilibason sustatu dituen alokairuko 24 etxebizitza babestuak bisitatu ditu. Giltzak urrian emango dituztela aurreratu du.

Garajea beheko solairuan dago, ez lurrazpian.

Lilibasoko etxea, kanpotik.

Lilibasoko etxearen atzealdea.

Lilibasoko etxebizitza batetako sukaldea.

Lilibasoko balkoi bat.

Lilibasoko balkoi bat.

Lilibasoko etxebizitza batetako sukaldea.

Beloki eta bi herriak, Lilibasoko balkoi batetik.

Bi herriak, Lilibasoko balkoi batetik.

Lilibasoko etxebizitza batetako sukaldea.

Lehen solairuko etxe batetako balkoia.

Logeletako bat.

Komunetako bat.

Lilibasoko etxebizitza baten sarrera.
Itxasok Lilibaso bisitatu du lehenengo. Bertan Eusko Jaurlaritzak, Visesa sozietate publikoaren bidez, alokairu sozialeko 24 etxebizitza egin ditu. Urrian emango dizkiete giltzak maizterrei. 20 etxebizitza Alokabide sozietate publikoak kudeatuko ditu eta beste laurak udalak, larrialdi egoeretarako.
Eraikina DG Arquitectura Habitable enpresak diseinatu du eta Altuna y Uria enpresak eraiki du. Logela bateko lau etxebizitza, bi logelako hamahiru (logeletako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokitua dago) eta hiru logelako zazpi ditu. Etxebizitza bakoitzak bere garajea du beheko solairuan (ez lurrazpian) eta baita terraza ere. Etxebizitza txikienak 45 metro koadro ditu eta handienak 85. Guztiek 6,3 metro koadroko terraza dute. Beheko solairuan bizikletak gordetzeko gela bat ere badago.
Bestalde, jasangarria eta efizientea da. Hala, A kalifikazio energetikoa lortu du. Izan ere, plaka fotovoltaikoak jarri dituzte (ur beroaren %60a hortik lortuko dute), etxe guztietan termo elektrikoak jarri dituzte mantentze lanak errazteko, aireztapen sistema instalatu dute eta isolamendu akustikoa eta termikoa zaindu dituzte. Horri guztiari esker, maizterrek argindar gutxi kontsumituko dute.
Proiektuaren aurrekontua ia 4 milioi eurokoa da. Etxebizitza eta Hiri Agendako ministerioak 1,1 milioi euroko diru-laguntza eman du, Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik. Lursailari dagokionez, Urretxuko Udalak Eusko Jaurlaritzari laga dio. Gainera, jaurlaritzak oso gutxi ordaindu du Eraikuntzan, Instalazio eta Obren Zergagatik, udalak %95eko hobaria eskaini baitio herrian alokairu publikoko etxebizitzak egitearen truke.
Urretxuko alkatea pozik ageri da. «Eusko Jaurlaritzak hasieratik lagundu digu. Urretxuko eta inguruko gazteen etxebizitza beharrari erantzuna ematea da helburua. Eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten guztiei: Nati Nieves zinegotzi ohiari, Pablo Garcia Etxebizitza zuzendariari… Emaitza ikusgarria da».
Itxasok etxebizitzaren arazoa konpontzeko erakundeen arteko elkarlana oso garrantzitsua dela esan du. «Urretxuk erraztasun guztiak eman dizkigu eta hori funtsezkoa izan da».