Urretxu-Zumarragako Korrika Batzordeak eskertza ohar bat helarazi du komunikabideetara. Horra hor edukia:
“24. Korrikak bere azken pausoak eman zituen Bilboko kaleetan zehar. Amaiera zoragarria izan zen, zinez hunkigarria. Kaleak jendez lepo, lema argi batekin: euskara gara, eta hemen gaude. Hala ere, ez dezagun ahaztu 24 ordu lehenago gure herrietatik igaro zela, eta, noski, hemen bizitakoak ere badu harro egoteko motiborik. Eguraldia ez genuen bidelagun izan, baina Bilboko karriketan somatu zen indar eta sentimendu berberarekin eraman genuen lekukoa hurrengo bailarara. Ondoren, festak eztanda egin zuen. Txokolate beroa hartu, erropa bustia aldatu, eta ekintzaz beteriko egun batez gozatzeko aukera izan genuen, komunitate sendo bat osatzen dugula berriro ere erakutsiz. Hau, ordea, ez litzateke posible izango Korrika batzordearen baitan lan egin duten eragile eta bolondres guztien prestutasunik gabe. Aurtengo ediziotik zerbait nabarmendu beharko bagenu, parte hartzea bera nabarmenduko genuke. Askotarikoak izan dira Korrikaren egunaren aurretik, Korrika Kulturalaren barruan, motorrak berotzeko antolaketan parte hartu duten eragileak; eta, zer esanik ez, korrika egunean bertan alor ezberdinetan muxutruk lan egiten ibili ziren bolondresak. Zuok gabe ez zen posible izango sortu genuen ekosistema sortzea! Mila esker bihotzez. Aurtengo edizioa amaitu da, baina euskalgintzak eta euskararen aldeko gogoak indartsu egon beharra dute ezinbestean. Euskararen kontrako oldarraldi judizialak eta kale erabileraren jeitsiera nabarmenak erakusten dute oraindik ere asko dugula euskararen alde egiteko. Hala eta guztiz ere, bakoitzak bere aletxoa jarrita ez dugu zalantzarik aurrera egingo dugula. Aurrera goaz. Bazatoz?”.
