Joanes Plazaola Rikondo zumarragarrak Urruzuno literatur saria laugarrengoz irabazi du, Ahanztuaren lubakian lanarekin. Esperientzia traumatikoei eta iraganarekin dugun harremanaren kudeaketari buruzko lana da. Iragan mingarria ahaztu ezin dezakeen pertsona bati buruzko istorioa da. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 19an izango da, Donostiako Miramar jauregian.
Plazaolak Urruzuno sariak asko aportatu diola dio. “Urruzuno esperientzia aberasgarria izan da. Alde batetik, idazten jarraitzeko eta hobetzeko motibazioa eskaini dit. Bestalde, gainerako irabazleekin egindako egonaldiak oso atseginak eta interesgarriak izan dira: jende berria ezagutzeko aukera eman didate, hainbat euskal idazle eta musikari ezagutu ditut eta hobeto idazten erakutsi dit”.
Aurten ere egonaldia egingo du gainontzeko irabazleekin. “Abuztuan astebeteko egonaldia egingo dugu irabazleok, eta bertan zenbait jarduera kultural eta literario egingo ditugu. Gainera, irabazleon lanak biltzen dituen Sagastiberri bilduman argitaratuko da”.
Zumarragarrari betidanik gustatzen zaio irakurtzea. “Irakurtzea txikitatik gustatu izan zait. Interesgarria iruditzen zait, beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera ematen baitu. Oso aberasgarria dela esango nuke, idazterako orduan ere ideia berriak ematen baititu”.
Bigarren batxilergoa egin du Urretxu-Zumarraga ikastolan eta datorren ikasturtetik aurrera Matematikako gradua egiteko asmoa du.
