Urretxuko eta Zumarragako udalek, Elhuyarren laguntzarekin, AROA izeneko parte-hartze prozesua jarri dute abian, 2035era arteko Euskararen Plan Estrategikoa diseinatzeko helburuarekin. Plan horren bidez, Urretxu eta Zumarraga herri euskaldun gisa indartu nahi dute, eta, horretarako, herritarren iritzia eta parte-hartzea ezinbesteko dira.
Prozesuaren lehen fasean, herriko euskararen egoerari buruzko ikuspegia, beharrak, motibazioak, kezkak eta nahiak jaso zituzten. Ondoren, lehen momentu parte-hartzailean, datozen urteetarako planaren erronka nagusiak identifikatu zituzten. Azken saioa geratzen da, euskararen alorrean identifikatutako erronken ekintza nagusiak zehazteko. Hori dela eta, herritarrak eta eragileak parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Bilera bihar (asteazkena) izango da, 18:00etan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean.
