Zumarragako Udalak Gure Txoko erretiratuen etxeko eta El Salvador gizarte etxeko taberna-kafetegiaren ustiapena Barrenetxe JO 1964ri esleitu dio. Horrenbestez, orain arteko arduradunak jarraituko du bi taberna-kafetegi horiek ustiatzen. Alderdi guztiek alde bozkatu dute.
EH Bilduko Aritz Elgarrestak 2019an “a dedo” esleitu zela eta egoera beraien salaketari esker erregularizatu dela esan du. Mikel Serrano alkateak 2019ko martxoaren 17ko gobernu batzordean kontratu administratibo berezia egitea erabaki zela erantzun dio. “Ordura arteko esleipenduna zerbitzu txarra ematen ari zen eta erabaki hori hartu genuen adinekoei zerbitzua eskaintzen jarraitu ahal izateko. Gobernu batzar hartan lehiaketa deialdia kudeaketa aztertu ondoren egitea adostu genuen. Ondoren, pandemia eta plazako obra heldu ziren. Hori dela eta, denbora asko pasa da negozioa egonkortu eta azterketa egin ahal izan arte”. Ez du Elgarresta konbentzitu. “Guk Gure Txokoren esleipenagatik galdetu eta hiru egunera, kontratua amaitzen zitzaiola esan zenioten esleipendunari. A ze kasualitatea…”.
