Ekainaren 7an, igandea, bigarren eskuko azoka egingo dute Zumarragako plazako azoka gunean. 10:00etatik 14:00etara, herritarrek etxean dituzten gauzak saltzeko eta bizilagunek salgai jarritakoak erosteko aukera izango dute.
Zumarragako Udalak gaur goizean aurkeztu du bigarren eskuko azokaren lehen edizioa. Egitasmo hau berrerabilpena, ekonomia zirkularra eta kontsumo arduratsua sustatzeko topagune izateko helburuarekin sortu da.
Aurkezpenean, Mikel Serrano alkateak ekimenaren helburua «egoera onean dauden objektuei bigarren bizitza ematea, hondakinak murriztea eta, aldi berean, herrian giroa, dinamismoa eta parte-hartzea sustatzea» dela nabarmendu du.
Azokak bi parte-hartze modalitate izango ditu. Erreserbatu Zure Mahaia modalitatearen bidez, herritarrek beraien produktuak zuzenean saldu edo trukatzeko aukera izango dute. Parte-hartzaile bakoitzak mahaia eta mahaizapia izango ditu doan. Azokan parte hartzea erabakitzen duten elkarteek, berriz, bi mahai izango dituzte.
Bestetik, Gordailu Zerbitzua eskainiko da, azokaren egunean bertan, 09:00etatik 10:00etara. Zerbitzu hori erabiltzea aukeratzen dutenek gehienez 10 objektu utzi ahal izango dituzte, antolakuntzak haien salmenta kudeatu dezan. Azokaren amaieran objektuaren salmentagatik lortu duten dirua emango diete edo, saldu ez bada, objektua itzuliko diete.
Azokan liburuak, jostailuak, dekorazioko objektuak, etxerako artikuluak, kirol materiala eta egoera onean dauden askotariko bigarren eskuko produktuak aurkitu ahal izango dira. Ez da onartuko elikagairik, objektu arriskutsurik edo egoera txarrean dauden produkturik.
Parte-hartzea doakoa izango da eta izena emateko epea maiatzaren 29ra arte egongo da zabalik. Informazio guztia udalaren webgunean (www.zumarraga.eus), herriko toki ezberdinetan jarri den kartel informatiboan agertzen den QR kodearen bidez edo 943 72 90 22 telefonora deituta (187 luzapena) eskuratu ahal izango da.
Bigarren Eskuko Azokaren antolaketa Artelatz enpresa espezializatuaren laguntzarekin egingo da eta jarduera Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak ekonomia zirkularraren arloan sustatutako diru laguntza programaren barruan kokatzen da. Aurrekontua 5.000 eurokoa da eta aldundiak %75eko diru laguntza eman du.
Jarduera hau Ingurumenaren Astearen barruan antolatu da eta Serranok ekimenak balio hezitzaile eta sentsibilizatzaile handia duela azpimarratu du, herritarrak eguneroko ohitura jasangarriagoetara hurbiltzen dituelako. «Zumarragako azokan gaude eta bigarren eskuko azoka hemen egingo da, berrerabilpena ardatz. Erabilpenarekin lotuta, aipagarria da Zumarragako azokak zenbat erabilpen dituen. Era guztietako ekitaldiak antolatzen dira gune honetan. Oraingoan, Ingurumenaren Astearen barne eta aldundiaren ekimenez, zero zabor filosofiarekin bat datorren ekitaldi bat egingo dugu», esan du.
Egitasmoak bi helburu dituela gehitu du. «Zumarragarrontzat enblematikoa den toki honetan, herria egiteko balio duen azoka bat egingo dugu. Gainera, bisitariak erakartzeko eta beraiekin hartu-emana izateko balioko du. Horretaz gain, objektuei bigarren bizitza bat emango diegu. Kontzientzia ekologikoa sustatuko dugu eta zaborra gutxituko dugu. Askotan ingurumenaren alde egiteko gauza handiak egin behar direla iruditzen zaigu, baina iraultza norberaren etxean hasten da. Azokak arrakasta izatea espero dugu eta urtero antolatzeko asmoa dugu. Zumarraga bizi, jasangarri eta parte hartzailea nahi dugu».
