Aniztasun funtzionalez osatutako taldearen emanaldia Zumarragako Zelai Arizti aretoan izan da.
Verdini dantza taldea. Zumarragako Aniztasun Kulturalaren eguna Verdini dantza talde inklusiboak El destello de Verdini [Verdiniren distira] pieza eskainiz hasi da eguneko Zumarragako ospakizuna Zelai Arizti aretoan. Aniztasun funtzionala duten pertsonek sortu eta interpretatutako lana da, agertokia desberdintasunak aitortu eta ospatzeko espazio bihurtzen duena. Jarraian, Zinekin ikus-entzunezko proiektua aurkeztu dute.
Ekimena Goizane Alvarez foru diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak aurkeztu dute. Bi erakundeek azpimarratu dute ezinbestekoa dela topagune ireki, inklusibo eta parte-hartzaileak sustatzen jarraitzea. “Zumarragak berriz ere erakusten du herri bizia, irekia eta kultura grina duena dela. Jardunaldi honek lehen mailako egitaraua ekarriko du gure herrira, proposamen artistiko, ikus-entzunezko eta komunitarioekin, eta Zumarraga Gipuzkoako aniztasun kulturalaren topagune bihurtuko du”, esan du alkateak.
Egitarau betea
Kaleko ekitaldiak eguerdian hasi dira. Hondurasko dantza folklorikoen taldearen eta Booloo Senegal elkartearen emanaldiak ikusi ahal izan dira, hain zuzen ere. Senegaldarrak Sapali perkusio taldearekin aritu dira. Bi taldeek Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Ahotsak. Sustrai konektatuak proiektuan parte hartu dute. Jardunaldia elkartasun bazkaria eginez amaitu dute.
