Gaur eguerdian Santa Isabel jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketako saria banatu dute. Hamaika lan aurkeztu dira eta saria Ainara Romero Manzanos urretxuarrak irabazi du. Zuzen diseinu grafiko enpresan lan egiten du eta lehenengoz irabazi du lehiaketa hau. 2024an Legazpiko jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa irabazi zuen.
Bere lanean dantzari baten alpargata ageri da, “jaiak saltoka eta dantzan ematen ditugulako”. Horretaz gain, letren gainean zinta gorri, berde eta txuriak jarri ditu: ikurrinaren koloreak, dantza taldeek zinta dantzan erabiltzen dituzten koloreak. Berdeari toki asko eman dio. “Santa Isabel jaietako egitarauko azalean gorriak toki handia izaten du, baina nik berdeari eman diot. Izan ere, Antioko zelaiak berdeak dira eta askok belar gainean bazkaltzen dugu”, esan du.

