Bengolea, Alkorta y Mendizabal, Matxinporta eta Pagoetako hotelean merkataritza erabilerak baimentzetik gertuago
Atzoko Urretxuko osoko bilkuran pauso bat gehiago eman zen Bengolea, Alkorta y Mendizabal, Matxinporta eta Pagoetako hotelean merkataritza erabilerak baimentzeko eta ezartzeko. Dendartean eta Bi-Tartean elkarteen alegazioak kontuan ez hartzea (txosten juridiko eta teknikoaren gomendioa jarraituz) eta HAPOan erabilera aldaketa jasotzeari behin-behineko onespena ematea onartu zen. EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk aurka.
EH Bilduko Julen Azpeitiak orain arteko iritzi bera dutela esan zuen. “2021eko HAPOaren onartze prozesuan industria erabilpena adostu genuen. Aldaketa honekin Bi-Tarteanen interesak baztertu eta partikularrenak lehenetsi dira. Arazoa ez da zer, baizik eta nola. Ez da mugikortasun azterketarik egin, ez da aztertu herriko merkataritzari nola eragingo dion, ez da aztertu behar den edo ez… Bi-Tarteanek herritarren interes orokorra defendatzen du eta gu aldaketaren aurka gaude”.
Jon Luqui alkateak Bi-Tarteanek ez duela herritarren interesa defendatzen erantzun zion. “Bi-Tarteanek sektore baten interesa defendatzen du”, esan zuen.
