Obra aurten hastea espero da
Urretxuko Udalak AldiriBi kiroldegiko proiektu teknikoa eta pleguak onartu zituen atzoko osoko bilkuran. EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen.
Kiroldegia 5.000 metroko lursail batean egingo da, egun Urretxu-Zumarraga ikastolako patioa dagoen tokian. Kiroldegiak lau solairuko eraikina eta estalitako kantxa izango ditu. Igerilekuko sarrera aldatzea ahalbidetuko du, eraikin berritik sartuko baita igerilekura. Eraikinak erabilera anitzetarako lau gela, kantxako eta igerilekuko aldagelak, biltegia eta igogailua izango ditu. Parke bat ere egingo da. Eraikinak eta kantxak 1.800 metro koadro izango dute eta parkeak 3.700 metro koadro. Obrak bi urte inguru iraungo du.
Pleguei dagokienez, 6.228.000 euroko aurrekontua aurreikusten da. Kontratazio plataformara igo ondoren (datorren astean), enpresek 26 egun izango dituzte beraien eskaintzak aurkezteko. Igor Zubillaga zinegotziak ez dutela eskaintza ekonomikoa lehenetsi esan zuen.
PSE-EEko Alex Gonzalezek egitasmoaren alde daudela aipatu zuen. “Estrategikoa da, kirol eskaintza indartzen baitu eta igerilekuak hobetzen baititu”.
EH Bilduko Jon Altolagirre kritiko azaldu zen. “Proiektua 2022ko udaberrian aurkeztu zen, baina hainbat faktore medio, atzeratu egin da. Ez dakigu obra noiz hasiko den. Uda honetan hasiko zirela esan zen, baina epeak ez dira bete. Bestalde, finantziazioak kezkatu egiten gaitu. Udalak bere osotasunean aurre egin beharko dio, ez duelako Europako laguntza lortu. Beste aterik jo al da? Aldundiak baditu kirol arloko laguntzak. Baita hitzarmenak sinatzeko aukera ere. Baina gehienak eskualde mailako egitasmoetarako izaten dira. AldiriBik udalaren inbertsio ahalmena baldintzatu dezake. Bestalde, egitasmo itxia ez izatea espero dugu. Kirol ekosistema sortzea nahi dugu. AldiriBi irekia izan beharko litzateke, anbiziotsuagoa izateko. Zumarragarekin landu beharko litzateke. Horrek aldundiaren laguntza jasotzea ahalbidetuko luke”.
Jon Luqui alkateak egitasmoaren jatorria eta ibilbidea gogoratzea komeni dela erantzun zion. “Ikastolarekin eta klubekin bilera asko egin dira, batzorde teknikoak eratu dira, hezkuntza eta kirol beharrak ase behar ziren, lursail handi bat lortu behar zen… Ikastola eskuzabala izan zen, 5.000 metro koadroko lursaila utzi baitzigun. Gipuzkoako herri batzuetan 30 milioi euroko kiroldegiak egiten ari dira. Edo gurea bezalakoak, baina mailegua eskatuz. Oso jende ausarta dago. Guri, AldiriBik igerilekuan dugun arazoa konpontzen digu eta babesleku klimatikoa izango den parkea egitea ahalbidetzen digu. Ez da kiroldegi hutsa. Gainzuriri lagundu diogu, baina ikastolari ezin diogu dirurik eman. Eta ikastolak 1.000 ikasle eta 80 langile ditu. Egitasmo honek ikastolaren berritzearen hirugarren fasea amaitzea ere ahalbidetzen du”.
Horretaz gain, kirol ekosistema existitzen dela esan zuen. “Non dituzte Urretxu eta Zumarragako azpiegiturak bezalakoak? Non laguntzen zaie horrenbeste kirol elkarteei? Herri bakoitzak ahal duen ekarpena egiten du. Urretxun pump-tracka egin dugu, rokodromoa egiten ari gara eta 2015ean ez zeuden hiru gimnasio pribatu ditugu. Ekosistema egon badago, baina, gainontzeko guztia bezala, etengabe hobetu egin behar da. Estrategia bat dugu. Ordaindu eta mantendu daitezkeen gauzak egin behar dira. Eta elkarteek ez dute jasotzen duten babesaren inguruko kexarik. Ez dugu Europako laguntza lortu, baina ez dugula bestelako saiakerarik egin behar uste al duzue? Ez dugu sekula amore eman”.
Bere kezka beste bat dela esan zuen. “Epai baten zain gaude. Gaizki ateratzen bada, ikastolari kalte egingo dio eta norbaitek azalpenak eman beharko ditu. Hemendik pasa zen norbaitekin zerikusia du. 20 urte pasa dira eta oraindik ez dugu arazoa konpontzea lortu. Sarraldez ere hitz egin dezakegu: bi milioi bota ziren. Ez zaretela hemendik pasa dirudi… Zuek kezkatuta egotea ondo iruditzen zait, baina hau ez da Everestera igotzea. Lortzen ari gara. Ingurua eta kirol ekosistema eraldatuko ditu. Eta ikastolaren zaharberritzearekin amaitzeko balioko du. Egitasmoa Europako laguntza lortzeko atzeratu zen, baina obra aurten hastea espero dugu”.
Altolagirrek Urretxuko kiroldegiko txartelarekin ezin dela Zumarragakora sartu gogoratu zuen. “Hori horrela, ezin dugu kirol ekosistema dugunik esan”. Iraganean gertatutakoen inguruan, iraganak “kapitulu asko” dituela esan zuen.
