Munduko Txapelketan parte hartuko duten pilotariak aukeratzeko balio duen torneoko finalak, Zumarragan
Euskadiko Pilota Federakuntzak eta Ampo enpresak Euskal Herritik Mundura Ampo txapelketa antolatu dute. Txapelketa Euskal Pilota Selekzioaren prestaketa prozesuaren barruan kokatu dute, urrian Argentinan (Hego Amerika) jokatuko den Munduko Txapelketari begira. Asteburuan finalak jokatuko dira: larunbatean erremintakoak Sopelan (Bizkaia) eta igandean eskuzkoak Zumarragan eta zesta puntakoak Burgelun (Araba).
Zumarragako partidak Beloki pilotalekuan jokatuko dira, 11:00etan. Buruz burukoan, Ekhi Irribarria aramarrak Gaizka Carregal bizkaitarraren aurka jokatuko du. Bigarren partida izango da. Lehenengoa emakumezkoek jokatuko dute, lau t’erdian. Arrizabalagak eta Gamindek indarrak neurtuko dituzte. Hirugarren partida binakakoa izango da. Gizonezkoek jokatuko dute: Azketak eta Bernaolak, Etxeberria eta Elorzen aurka.
Finalak atzo aurkeztu zituzten, Zumarragan. Jose Mari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak; Burgelu, Sopela eta Zumarragako alkateek (Nati Lopez de Munain, Unai del Burgo eta Mikel Serrano); Ampoko ordezkariek eta hainbat pilotarik parte hartu zuten. Txapelketaren helburu nagusiak bi izan direla azpimarratu zuten: hautatzaileei pilotariak benetako lehiaketa testuinguruan ikusteko eta baloratzeko aukera ematea eta Euskal Pilota Selekzioa herritarrengana gerturatzea.
Txapelketa zazpi espezialitate ezberdinetan jokatu da: larruzko paleta, pala motza, eskuz banaka gizonezkoak, eskuz binaka gizonezkoak, eskuz banaka emakumezkoak lau t’erdian, zesta punta banaka gizonezkoak 36 metroko frontoian eta zesta punta banaka emakumezkoak 36 metroko frontoian.
Partidak hainbat udalerritan jokatu dira. Goierrin, Ordizian, Olaberrian, Beasainen, Urretxun, Idiazabalen, Seguran eta Lazkaon.
