Zumarragako Udalak herriko 31 lokal etxebizitza bezala erabiltzea ahalbidetzen duen ordenantza onartu du
Zumarragako Udalak hasierako onespena eman dio udalerriko bizitegi eremu finkatuetan lokalen erabilera etxebizitzara aldatzeko ordenantza arautzaileari. Erabakia urriaren 15ean egindako ezohiko osoko bilkuran hartu zuen udalbatzak. Ordenantzaren eskutik, 31 lokal etxebizitza bilakatu ahal izango dira. PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen.
Araudiaren helburua lehendik dauden bizitegi eraikinetako beheko solairuetan kokatutako zenbait lokal babes publikoko udal etxebizitza tasatu bihurtzeko baldintzak arautzea da, indarrean dagoen hirigintza plangintza eta bizigarritasun eta irisgarritasun baldintzak errespetatuz.
Ordenantzaren aplikazio eremuak udalerriko hainbat gunetan identifikatutako 31 lokal hartzen ditu barne. Lokal horiek Artizen, Legazpi auzoan, San Isidron, Euskal Herria etorbidean, Antonino Oraan, Argixaon eta Beloki etorbidean daude.
Lokal horiek ordenantzan jasota egoteak ez du esan nahi automatikoki etxebizitza bihurtzeko baimena dutenik. Eskaera bakoitzak ezarritako baldintzak bete beharko ditu, eta udal zerbitzu teknikoek dagokion azterketa egingo dute.
Lokalak etxebizitza bihurtzeko baldintzei dagokienez, erabilera aldaketaren ondorioz sortutako etxebizitzek babes publikoko udal etxebizitza tasatuen izaera izango dute, eta kalifikazio hori iraunkorra izango da. Gehieneko salmenta prezioen eta eskuratzeko baldintza zehatzen mende egongo dira, eta nahitaez ohiko bizileku iraunkor gisa erabili beharko dira.
Bigarren bizileku, ez
Araudiak debekatu egiten du etxebizitza horiek bigarren bizileku gisa erabiltzea edo alokatzea. Hala ere, senideei erabilera doan lagatzeko salbuespen jakin batzuk aurreikusten ditu, betiere udalaren aldez aurreko baimenarekin eta ezarritako baldintzak betez. Era berean, ordenantzak higiezinen baldintza teknikoak, baimenak emateko prozedurak eta udal kontrolerako mekanismoak arautzen ditu.
Hasierako onespenaren ondoren, ordenantza 30 lanegunez jarri da jendaurrean. Epe hori iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu eta hurrengo lanegunean hasi zen. Iragarkia urriaren 28an argitaratu zen GAOn.
Epe horretan, interesdunek ordenantzaren testu osoa kontsultatu eta egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte. Dokumentazioa Zumarragako Udalaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.
Jendaurreko erakustaldian erreklamaziorik aurkezten ez bada, ordenantza behin betiko onartutzat joko da, ezarritako prozeduraren arabera. Indarrean sartzeko, behin betiko testu osoa argitaratu eta dagokion legezko epea igaro beharko da.
Alderdien iritzia
Mikel Serrano alkateak lokal horiek merkataritza eremutik kanpo daudela, azken 10 urteetan ez dutela erabilpenik izan eta ohiko bizileku iraunkor gisa erabili beharko direla azpimarratu zuen. «Ezin izango dira alokatu. Erabilera aldaketa lortzen dutenentzat edo beraien seme-alabentzat izango dira», esan zuen.
Rosa Maiza zinegotziak eremu komertzialak babestu dituztela eta espekulazioa saihestu dutela gehitu zuen.
EH Bilduko Aritz Elgarrestak abstentzioa ematearen arrazoiak azaldu zituen. «Zirriborroa irailean iritsi zen gure eskuetara. Galdera batzuk egin genituen, anbiguo samarra zela iruditu zitzaigulako. Orain, berriz, aldaketa asko ikusi ditugu. Ez dugu ekarpenik egiteko aukera izan. Oso garantista dela iruditzen zaigu eta ez dakigu zer ibilbide izango duen. 31 aldaketa bakarrik ahalbidetzen dira eta baldintzak oso zehatzak dira», esan zuen.
