Asier Izagirre, Ander Aizpuru eta Iker Zubillaga sailkatu dira Urretxu-Zumarraga idi probako finalera
Atzo (igandea) Buzkantza Eguna ospatuko zuten Zumarragako plazan. Odolkiak eta artisauen produktuak salgai izan ziren, Urola eskubaloi klubeko kideek odolki pintxoak saldu zituzten eta haurrek eskulan ikastaroetan parte hartzeko aukera izan zuten. Eguerdian Urretxu-Zumarraga idi proba sariketaren bigarren saioa jokatu zen. Asier Izagirre, Iñaki Irigoras, Iker Zubillaga eta Ander Aizpururen idiek parte hartu zuten.
Urretxuko jaietako eta atzoko saioen ondoren, Santa Lutzi eguneko finalera Izagirre, Zubillaga eta Aizpuru sailkatu dira. Irigoras finaletik kanpo gelditu da. Urretxu-Zumarraga sariketaren lehen saioa Urretxuko Santa Anastasia jaietan jokatu zuten. Asier Izagirre Ipiñarrietaren idiak nagusitu ziren, 43 plaza, zinta bat eta 0,35 metrorekin. Bigarren postuan Ander Aizpuru Olalderenak sailkatu ziren (40 plaza eta 2,95 metro), hirugarrenean Iker Zubillaga Igeldorenak (35 plaza eta 3,14 metro) eta laugarrenean Iñaki Irigorasenak (31 plaza). Debekua zela eta, Zumarragako jaietako proba ezin izan zen jokatu. Santa Isabel jaietan jokatu behar zena atzo jokatu zen. Santa Anastasia jaietako eta Buzkantza Eguneko markak batu ziren eta hiru onenak Santa Lutzi eguneko finalera pasa dira.
Atzo Ipiñarrietako idiak nagusitu ziren, 35 plaza, 16 zinta eta 0,3 metrorekin. Bigarren postuan Aizpururenak sailkatu ziren, 32 plaza, 15 zinta eta 0,7 metrorekin. Hirugarren Zubillaga izan zen, 27 plaza 10 zinta eta 0,53 metrorekin. Irigorasen idiek 23 plaza, 17 zinta eta 1,51 metro egin zituzten.

