Andoni Beristain, gorriz eta zutik, ordezkari politikoekin eta Durangoko Azokako antolatzaileekin. Durangoko Azokaren 61. edizioko proposamen bisuala aurkeztu dute aste honetan. Andoni Beristain artista zumarragarrak garatu du iruditegia, eta bi ideiatatik abiatu du: euskal kulturaren aberastasunetik, eta sorkuntza analogikoaren balioa aldarrikatzetik. “Betiko, edo aspaldiko egiteko moduak aldarrikatzea izan da nire asmoa. Teknologia berriek ez dute zertan txarra izan, etorkizunari besoak zabaldu behar dizkiogu, baina gizakiok eskuak erabiltzen jarraitu behar dugu”, azaldu du prentsaurrekoan. Iruditegian agertzen diren objektuak, kulturaren arlo desberdinetako bilakaera erakusten dute. “Desagertuko zirela uste zen, baina gaur egun ere, bizirik diraute, eta batzuek indarrez berreskuratu dute euren lekua”, gehitu du. Ildo beretik, Beñat Gaztelurrutia Durangoko Azokaren Koordinatzaileak sortzaileen eta sorkuntzen balioa nabarmendu nahi izan du. “Sortzea ez da berezko bulkada hutsa: irudimena behar da, baina baita formakuntza, lana, arreta eta iraunkortasuna ere”.
Testua eta argazkia: Anboto.org
