Beitia kopilotu onena izan da eta Marcos bigarren pilotu onena
Garazi Beitia urretxuarra eta Alberto Marcos zumarragarra rallysprintaren gailurrean daude: Beitia kopilotua Euskal Herriko onena izan da eta Marcos bigarren pilotu onena. 1996ko BMW M3 E36 batekin lehiatu dira, 5 klasean. Hamar probatan parte hartu dute eta Sabandokoa eta Eskoriatzakoa irabazi dituzte. Horretaz gain, Goilurrak proban eta Aramaiokoan bigarren postuan sailkatu dira eta Errezilgoan hirugarren.
Marcos 2016an hasi zen lehiatzen. 2023an Euskal Herriko txapeldunordea izan zen eta 2025ean hirugarren postuan sailkatu zen. Beitia 2019an hasi zen eta 2025ean hirugarren postuan sailkatu zen. Beitiak eta Marcosek bi urte daramatzate elkarrekin lehiatzen, baina aspalditik ezagutzen dute elkar. “Elkarrekin ikasi genuen, Iparragirre institutuan. Albertok erakutsi zidan gidatzen”, gogoratzen du Beitiak. 2024an berriro elkartu ziren. “Zozketa batean, saria lortu nuen: Txus Jaio pilotu handiaren ondoan esertzea. Ordurako kopilotu bezala aritua nintzen eta sekula aritu gabeko lagun bati eman nion saria. Lagunarengatik poztu egin nintzen, baina apur bat triste nengoen aukera bikain hura galdu nuelako. Norbaitek Albertori kontatu zion eta, hurrengo probarako kopilotua behar zuenez, niri deitu zidan. Istripua izan genuen, baina gustura aritu ginen eta elkarrekin jarraitzea erabaki genuen. 2025ean bere kopilotu ofiziala izatea eskaini zidan. Autoa hautsi egin zen eta ezin izan genuen proba guztietan parte hartu. Aurten proba guztietan parte hartu ahal izan dugu, ordea”.
Biak oso gustura ageri dira. “Denboraldi honetan asko ikasi dugu eta asko hobetu dugu talde gisa. Oso lehiakorrak izan gara eta lehen postuengatik borrokatu dezakegula erakutsi dugu. Nire kasuan, bigarren postua lor nezakeen onena zen (Aitzol Apalantza irabazleak askoz ere auto hobea du). Hori dela eta, helburua bete dudala esan dezaket”, aipatu du Marcosek.
Beitia ere oso pozik dago. “Sinestea kosta egiten zait. Nerabea nintzenean autoak bide bazterretik ikusten nituen eta egunen batean auto baten barruan egotea amesten nuen. Ez nuen uste amets harek honaino ekarriko ninduenik. Euskal Herriko txapelduna naizela esan ahal izatea sekulakoa da. Garaipen honen atzean urteetako ilusioa, esfortzua eta lana daude”, esan du.
Izan ere, automobilismoa oso gogorra da. Beitia eta Marcos ez dira profesionalak eta lan eguna amaitu ondoren garajera joaten dira autoa prestatzera. Diru gutxi dute, baina ilusio handia. Lasterketetan parte hartu ahal izateko, gauza askori uko egiten diote: beste plan batzuk, familiarentzat edo lagun talderentzat garrantzitsuak diren uneak… “Amets bat duzunean, ezin duzu nahi duzun guztia egin eta aukeratzen jakin behar da”, diote.
Urteko erronka nagusietako bat Gabiria rallysprintean izan zuten, etxeko lasterketan. Urteko lasterketa garrantzitsuenaren autoa muntatzen ari ziren oraindik. Gauean bukatu zuten. Ezin izan zuten autoa probatu eta ez zekiten irteerara iritsiko ziren. Irteerara iritsi ziren, baina ez zekiten autoak nola erantzungo zuen. Zailtasunak zailtasun, laugarren postuan amaitu zuten.

