Urretxuko Udalak TAOren hirugarren eta laugarren guneen martxan jartzea atzeratu du, Aparkalekuen Plan Integrala egiteko
Urretxuko Udalak TAOren hirugarren eta laugarren guneak oraingoz ez direla martxan jarriko jakinarazi du. Hirugarren guneak Matxinporta, Gurutze, Elizalde, Jauregi, Nekolalde eta Grupo Santa Barbara hartuko ditu eta laugarrenak Labeaga 33-51 eta 50-74, Ipeñarrieta eta Pagoeta.
Jon Luqui alkateak azken asteetan ekarpen asko jaso dituztela azaldu du. “Herritarrei entzun eta ekarpenak aztertu ondoren, gobernu taldeak aparkalekuen gaiak estrategia zabalagoa behar duela ondorioztatu dugu. TAOren zabaletzetik harago doan estrategia, ekintza eta erreminta ezberdinak baliatuko dituena”.
Hori dela eta, udalak Aparkalekuen Plan Integrala egingo du. “Egungo egoera sakon aztertzeko balioko du. Eskaintza, egoiliarren beharrak, langileen eta bisitarien eskaera, dagoeneko araututa dauden guneen funtzionamendua eta alternatibak aztertuko ditu. Helburua egungo egoera ondo ezagutzea da, oinarria eta kontsentsua dituzten erabakiak hartu ahal izateko. Planak herriko gune bakoitzeko beharrak identifikatzeko eta erabaki egokiak hartzeko balioko digu. Kontua ez da hirugarren eta laugarren guneetan zer egin, baizik eta estrategia orokorra diseinatzea gabeziei aurre egiteko, bizilagunei aukera gehiago eskaintzeko, jarduera ekonomikoa sustatzeko eta espazio publikoa modu eraginkorragoan antolatzeko”.
Aparkalekuen Plan Integrala udazkenerako prest egotea espero dute. Hori eskuan, herriarentzako onuragarrien diren erabakiak hartuko dituzte. Ordura arte, egungo egoera mantenduko da. “Herritarren parte hartzea, ekarpenak eta izpiritu eraikitzailea eskertu nahi ditugu. Beraien iritziak entzuteak hasierako egitasmoa zalantzan jartzera eta irtenbide osoago baten aldeko apustua egitera eraman gaitu. Irtenbide hori azterketa teknikoan eta ahalik eta adostasun handienean oinarrituta egongo da”.
