Legazpi, Urretxu eta Zumarragako EH Bilduk Bat Egin eguna antolatu dute ostiralerako. Helburua bailarako estrategian sakontzea, aurrera begirako erronkak plazaratzea eta EH Bilduren komunitatea elkartzea eta saretzea da. Ekitaldiak Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan izango dira, 18:30etik aurrera.
EH Bildu mugimenduak 15 urte betetzen ditu aurten, eta egindako bidea irudikatzeko, 18:30etik aurrera argazki galeria bat egongo da ikusgai plazan. Urte hauetan guztietan herri mailan zein maila nazionalean egindako ekitaldi, egitasmo, mobilizazio eta batzarren argazkiak izango dira. “Pertsonen konpromisoan sinisten dugu, behetik gora sortu ginen mugimendua gara, eta argazki hauekin hori irudikatu nahi dugu”, esan dute.
19:00etan ekitaldi politikoa egingo dute. Hiru herrietako ordezkari banak hitza hartzearekin batera, Nekane Zinkunegi, Gipuzkoako arduradun politikoa izango dute ondoan. Bailara honek dituen erronketan sakonduko dute, proiektu amankomunak plazaratuz eta elkarlanaren balioetan sakonduz.
Amaitzeko, Olaia eta Amaiurren kontzertu akustikoa izango da plazan, mokadutxo batekin lagunduta.
