Zumarragako Udalak Mendizabal eremuaren berrurbanizazioaren 10. faseari ekin dio. 743.011,51 euroko inbertsioa egingo du. Helburua inguru hori modernizatzea eta hobetzea da. Lanek abendura arte iraungo dute, eta irisgarritasuna hobetzeaz gain, oinarrizko azpiegiturak berrituko dituzte eta antzemandako hainbat arazo konpondu. Obra Lurkide Hondalanak enpresari esleitu zaio.
Esku hartzearen helburu nagusietako bat 8 eta 17 atarien arteko eremua araudiak ezartzen dituen irisgarritasun irizpideetara egokitzea da. Horretarako, arrapalak eta eskailera irisgarriak eraikiko dira.
Obraren beste helburuetako bat kanpoko gainazalen iragazgaiztasuna hobetzea izango da, hainbat sototan gertatzen diren ur iragazketak murrizteko. Horretarako, espaloiak altxatuko dira, gaur egungo iragazgaizte geruzak berritzeko. Bereziki azpimarratzekoa da 8. atariko plazan egingo dena: plaza berrantolatuko da urak kanpora bideratu ahal izateko.
Obrak aprobetxatuz, funtsezko azpiegiturak ere berrituko dira: edateko uraren hornidura sarea, saneamendu sarea eta argiteria. Eremuaren berritze eta hobekuntza estetiko garrantzitsua ere aurreikusten du. Egungo baldosa guztiak ordezkatuko dira eta plazako parkearen inguruan hormigoi garbitua erabiliko da, berdeguneekin integrazio hobea lortzeko. Gainera, farolen zimenduak lurperatuko dira haurren segurtasuna handitzeko. Halaber, eremuko hiri altzari guztiak berrituko dira: bankuak, paperontziak, piknik mahaiak…
Horretaz guztiaz gain, goiko aldeko zuhaitz eremua berrantolatuko da eta eraikinen inguruan lorategi berriak sortuko dira. Horri esker, egungo berdeguneek eragiten dituzten ur iragazketak murriztu ahal izango dira.
Lehen fasea garaje eta sotoei eragiten ez dieten eremuetan egingo da. Lehen eraispen lanak parkearen inguruko plazan egingo dira. Garajeen eta sotoen gaineko lanak aurrerago hasiko dira. Horren aurretik, notario aurrean sotoen eta fatxaden egoera jasoko da, obrek eragin ditzaketen kalteak jasotzeko.
