Asteburuan ez da festarik falta izan Urretxu eta Zumarragan: geltokietako jaiak, Urola Eskubaloi Klubaren Eguna… eta Alberto Segura Skandelli eta bere lagunen festa Santa Barbaran. Azken festa honetan, ohitura den moduan, txahal bat erre zuten. Inoiz baino jende gehiago elkartu zen: 140 lagun inguru.
Festa larunbatean izan zen. 03:00etan ekin zioten txahala erretzeari. Gonbidatuek autobus zerbitzua izan zuten Santa Barbarara igotzeko. Bazkalostean, Diana Jones musika taldeak jo zuen. Herrira kalejiran jaitsi ziren eta ondoren brindisa egin zuten HD tabernan. Madaia elkartean afaldu ondoren, oraindik festarako gogoa zutenek geltokietako jaiez gozatu zuten.

