Nazioarteko terapia erregresibo kongresuan parte hartu duten hamaika terapeutek terapia erregresiboari eta sexu abusuei buruzko liburua idatzi dute, beraien kontsultetan pazienteek izandako esperientzietan oinarrituta. Liburuan parte hartu duten terapeuten artean Eider Urrate urretxuarra dago. Urretxuko terapeutak ale batzuk salgai ditu eta aurki Amazonen eskuragai izango da.
Terapia erregresiboak psikoanalisia eta energetika kontzientea uztartzen ditu. «Terapia erregresiboan, terapeutak pazientea kontzientzia espantsio egoera batetara bideratzen du. Ez da hipnosi bat: pazienteak saioak irauten duen denbora guztian terapeutarekin elkarrizketa mantenduko du eta bizitako eta hitz egindako guztia gogoratu», azaldu du.
Jendeak terapia horri buruz «kuriositate handiz» galdetzen diola gehitu du. «Xinple esanda, irudikatu harri handi bat daukazula zure bizkar gainean (sufrimendua edo zailtasuna). Harri horrek pisatu egiten dizu, bizitzako arlo desberdinetan zailtasunak sortu eta agian min ere ematen dizu. Gauza da ez dakizula noiz eta zergatik hartu zenuen harri hori. Saioan aurrera eginaz, zailtasunari loturiko iraganeko egoera konkretu batetara joango zara, zailtasunaren sustraira: haurtzaroan, amaren sabelean, gestazioan, jaiotzean edo aurreko bizitza batetan bizitakoa. Egoera horrek harria non eta zergatik hartu zenuen erakutsiko dizu. Eta orainaldian zertan eragiten dizun edo bizitza nola zailtzen dizun ulertzea eta kontzientzia hartzea ahalbideratuko dizu. Ez da beharrezkoa aurreko bizitzetan sinistea, teknika hau eraginkorra izateko».
Lanketa energetikoarekin, harria dagokion espazio-denbora edo dimentsioan uzten da, gorputzetik ateratzen delako traumaren energia. Eta ondoren, egoera zail horretan galdu zen energia berreskuratzen da. «Gauza da, teknika horren bitartez, pazienteak subkontzientean ezkutuan dagoen informazio horren sustraiarekin konektatzen duela, eta orainaldian sufrimendua eragiten dioten izakera patroi horiekin amaitu. Samurtasun handiz, pertsonaren erritmoak errespetatzen eta hauetara egokituaz egiten da prozesu guztia», aipatu du Urratek.
Lanketa osoa egiten delako ikusten du gomendagarri terapia erregresiboa. «Gai desberdin askorekin etortzen da jendea ningana. Baita terapian urte askotan ibili diren pertsonak ere, oroitzapenak mugatuak dituztenez, beraien arazo edo zailtasunaren errora iritsi ezin dutelako. Horrek irtenbiderik gabeko kaleetara daramatza beraien prozesu terapeutikoetan, denbora eta diru asko inbertitu arren aurrera egiten ez dutelako. Psikologo eta terapeuta desberdinek gomendatuta iristen dira nigana eta profesional desberdinekin elkarlanean aritzen naiz».
Lanketa energetikoa oso garrantzitsua dela dio, terapia osoa borobildu eta osatzeko. «Hau ez da kognitiboki ulermenean bakarrik gelditzen den esperientzia bat, baizik eta sakonean lan egiten dugu energetika teknika aurreratuak erabiliaz. Horrela, ematen diren aldaketa eta hobekuntzak nabarmenak izan ohi dira eta prozesu terapeutikoak nabarmen murrizten dira», azaldu du.
Liburuan terapia erregresiboari eta sexu abusuei buruz idatzi du. «Lanketa energetikoan, pazienteak erasotzailearekin lotzen duen hari energetikoa mozten du eta abusuaren energia beragandik kanporatu. Ongizate eta bake sentsazio handia sentitzen du eta erasotzaileari mugak jartzeak eta bere indarrarekin konektatzeak konfiantza berreskuratzen laguntzen dio. Bestalde, batzuetan erasoa jasan duen pertsonak bere burua erasotzaile bezala ikus dezake beste bizitza batean eta horrek ikuspegia eta kontzientzia hartzea zabaltzen du».
Zauri sakona
Sexu abusua, pertsonaren gorputza, psikea, harremanak eta nortasuna zeharkatzen duen zauri sakon eta multidimentsionala da. Terapia erregresiboaren helburua ez da esperientzia oroitzea, baizik eta esperientziaren bizipena barneratu eta gainditzea. «Askotan pazienteak ez du oroitzapen kontzienterik, baina abusu horren ondorio diren zailtasunak izan ditzake: sintoma psikologikoak, zailtasunak intimitatean, lotsa/beldur iraunkorrak, konfiantzaren higadura, sexualitatearekin loturiko disfuntzioak, mugak jartzeko zailtasunak, harremanak izateko zailtasunak… Batzuetan, pazienteak oroitzapen kontzienteak dituenean, terapiara datorrenean horiek berriro biziko dituela uste du. Baina askotan erroa askoz lehenago gertatu zen zerbait da eta bizitza honetan gertatutakoa, aurretik datorren trauma baten errepikapena. Sustrai horretara iritsitakoan, pazienteak konszientzia har dezake eta ulertu iraganean gertatu zen hura orainaldian nola errepikatzen den eta bere bizitzan zehar zein eragin izan duen».
Sexu abusuen gaia «ikaragarria» dela dio. «Ikaragarria da nola bost emakumetik batek, eta zazpi gizonetik batek jasan izan dituen nolabaiteko abusuak. Historia guztian zehar, gizarte, kultura, klase sozial desberdinetan, erlijio esparruetan eta baita gerrate sari bezala erabili izan da abusua». Arazoaren dimentsioa dela eta, iazko terapia erregresiboko nazioarteko kongresuan liburu hau argitaratzea erabaki zuten. «Aurten ere nazioarteko kongresuan izan naiz eta beste proiektu eta elkarlan interesgarri batzuk proposatu dizkidate. Ez naiz aspertzen», amaitu du.
