Urretxuko Udaleko osoko bilkuran Maialen Fidalgo (EAJ) zinegotziaren errenuntziaren berri eman da. Fidalgok 11 urte eman ditu zinegotzi karguan, EAJk udal hauteskundeak irabazi zituenetik. Zinegotzi kargua uztea ez dela erabaki erraza izan aipatu du, baina egunak 24 ordu bakarrik dituela gogoratu du.
Pozik eta esker oneko azaldu da. “Etapa polita izan da. Une onak, politak eta bereziak bizi izan ditut. Une txarrak oso gogorrak izan dira, baina asko ikasi dut. Jende asko ezagutzeko aukera izan dut eta oso eskertuta nago”.
Herriaren alde lan egiteak merezi duela gehitu du. “Denok egin beharko genuke. Asko betetzen du. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiet taldekideei abentura honetan sartzeagatik. Eskerrik asko ere mahai honetan zaudeten gainontzekoei. Asko hitz egiten da komunitateaz eta hau herrigintza, komunitatea eta parte hartzea da. Denok dugu gure bizitza, gure familia, eta hemen lan asko egin behar da. Hori dela eta, udalean lan egiten dutenei eskerrak eman behar zaizkie”.
Udal teknikariei ere eskerrak eman dizkie. “Eskerrik asko teknikariei zalantzak argitzeagatik eta laguntzeagatik. Udaletxe honetan lan asko egiten da eta oso lan ona, gainera”.
Amaitzeko, pozik doala esan du. “Pozik sartu nintzen eta pozik noa. Nuen dena eman dut eta sentsazio onarekin noa”.
Jon Luqui alkateak Fidalgok lan asko egin duela esan du eta eskerrak eman dizkio.
