Urretxuko EH Bilduk karrozen auziarekin eta festen egituraketarekin lotutako proposamena aurkeztu du
“Euskal Jaien desfilean karrozen izen-ematearen beherakada nabarmenak, azken urteetan festen antolaketarako orduan egon diren zenbait gabezien agerikotasuna utzi du. Azken deialdi luzapena egin aurretik bi karroza talde soilik inskribatu izana kezkagarria da, noski, baina auzi hau izebergaren punta besterik ez ote den dagokigu orain hausnartzea. Izan ere, uste dugu arazo hau ez dela behin behineko neurriekin soilik konponduko, ezta epe motzeko estrategia batekin bideratuko ere. Egoerak modu partekatuan eta denon artean egin beharko den epe ertain luzeko estrategia bat bideratzea eskatzen du, ez soilik Euskal Jaien desfilearen harira bakarrik, baita Urretxuko festen antolaketa orokorrari begira ere.
Lehenik eta behin, etorkizuneko jaiei begira egon daitezken gabezien aurreikuspena modu sistematikoan egite aldera, festen balorazioa gehienez festak igaro eta hilabeteko epean egitea proposatzen dugu. Honek, hurrengo urtera begira, akatsak eta egin beharreko aldaketak garaiz egin eta plangintza eta dinamika berriak urtean zehar martxan jartzeko aukera emango digu, bai modu orokorrean, bai eta eragile bakoitzari dagokionez. Jai batzordea uztaila erdialdean oraindik deitu ez izana ezin da onartu. Udalak Jai Batzordea lehenago deitzearen konpromisoa hartu behar duelakoan gaude, urtean zehar festetako zein kultura eragileekin zubilan bat eginaz.
Festen egituraketan kultur eragileen eta norbanako konprometituen ekarpena ezinbestekoa da festa eredu bizi, erakargarri eta parte hartzailea izatea nahi badugu. Festak eta kultura horrela ulertu behar ditugula uste dugu, prozesu bizi, aldakor eta dinamiko gisa, eta parte-hartzeak zutabe garrantzitsua osatzen du bere baitan. Hori horrela, udalaren aldetik, azken emaitzara bideratutako harreman batetik harago, parte hartze prozesu batek gidatuko duen bestelako egituraketa baterantz salto egin beharko genukeela uste dugu.
Horregatik, festen balorazioa egin eta hurrengo pausoa, hurrengo urteko festen egitura antolatu eta lanketa integral bat egitea izan beharko litzateke. Horretarako, udalak, eragileak eta norbanakoak elkarlanean bideratuko duten parte hartze prozesu bat martxan jartzea proposatzen dugu. Parte hartze prozesu honen helburua honakoa da: gaur egungo Urretxuko jaiek dituzten indarguneen eta gabezien diagnostiko bat egitea, eta aldaketa eta bultzada berri bat behar duten ekimenak baleude, hauek aztertu eta proposamen berriei bide ematea. Adibide bat jartze aldera, geroz eta eragile zein norbanako gehiago dira festetako asteleheneko egunak birmoldaketa bat eskatzen duela esaten dutenak. Honek, parte hartze prozesuan bere bidea egin dezake.
Euskal Jaien desfilearekin zentratuz, lanketa irekiak emandako proposamenetatik egon diren aldaketak eta hartutako behin behineko neurriak positibotzat jotzen ditugu. Karrozak egiteko materialetarako udal laguntza 1.000 eurora igotzea, taldekide direnen bazkariko tiketen kostua bere gain hartzea, eta sariak berritzea, onerako izango da, zalantzarik gabe. Hala eta guztiz ere, aurtengo Euskal Jaien desfilea salbatzeaz haratago, etorkizuneko Euskal Jaien egituraketan prestatu eta bide-orri bat markatzean dagoela gakoa uste dugu.
Horretarako, proposatu diren neurriez gain, etorkizunerako beste hauek aintzat hartzea proposatzen dugu:
-
Belaunaldi berriak Euskal Jaien antolakuntzan parte aktibo izateko sozializazioaren beharra: Ekainean hiru eskoletan hitzaldi ziklo bat antolatu. Era berean, interesgarria dela uste dugu ikas-egoerak metodologiaren baitan 4. DBHn eta 1.go Batxilergoan karrozen inguruko proiektua lantzea, baita Euskal Jaien historia eta egunak berak suposatzen duena aztertzea ere.
-
Urtean zehar Pagoeta gune soziokulturalean Euskal Jaien eta karrozen erakusketa antolatzea.
-
Uztailean eta irailean karrozeroentzako laguntza tekniko-profesionala eskaintzea. Astean 2-3 arratsaldetan ordutegi finko batekin karrozeroek laguntza teknikoa izan dezaten bi profesional kontratatzea.
-
Bengoleako guneari alternatiba bat bilatzea. Baldintza duinak, segurtasuna, eta irisgarritasuna bilduko dituena.
Proposamen irekia da gurea, guztion artean aberastu beharrekoa. Urretxuko EH Bilduk bide-orri hau proposatu nahi dio udal gobernuari eta festetako eragile ezberdinei etorkizuneko festen egituraketa lantze aldera. Denon ekarpena berebizikoa da horren maitea eta gurea dugunari beste bultzada bat emateko”.
