Orain arte pasealekuaren goiko aldea berritu dute, eta irailean garaje-sotoen gaineko lan-eremuan hasiko dituzte jarduketak. Inguru hau berritzeko lanen hamargarren fasea da, eta abenduan amaitzea aurreikusten du udalak.
Mikel Serrano Zumarragako alkateak Mendizabal Poligonoa berrurbanizatzeko egiten ari diren obrak bisitatu ditu, ekainaren 22an hasitako lanen bilakaera bertatik bertara ezagutzeko. Jarduketa aurreikusitako plangintzaren arabera doa aurrera, eta dagoeneko 82.554,44 euroko lanak gauzatu dituzte, BEZa barne.
Obrak bi lan-eremu nagusitan antolatu dituzte. Alde batetik, garaje-sotorik ez duten eta, beraz, iragazgaizte-geruzei eragiten ez dieten guneak daude, eta orain arteko lanak eremu horietan egin dituzte nagusiki. Beste lan-eremua garaje-sotoen gainekoa da, eta horretan irailean hasiko dira.
Orain arte, pasealekuaren goiko aldea berritu dute, komunitateetako sotoak hasten diren mugaraino. Zoladura hormigoi garbituarekin egin dute, ingurua berdeguneekin hobeto integratzeko. Euri-urak biltzeko kanaleta berriak eta granitozko zintarriak ere jarri dituzte, inguruan berriki egindako beste berrurbanizazio batzuen ildoari jarraituz. Era berean, zoladuraren maldak egokitu dituzte euri-ura bizitegi-eraikinetara joatea saihesteko eta, horrela, hezetasun-arriskua murrizteko. Ospitalera igotzen den errepidetik eremura sartzeko pasabideetako bi ere egin dituzte, azpian sotorik ez dutenak. Datozen asteetan amaituko dituzte lehen lan-eremu honetako lanak.
Irailean. bigarren lan-eremua
Ondoren, irailean, garaje-sotoen gaineko guneekin hastea aurreikusten dute. Hasteko, arrakalen eta eraikinen egungo egoera jasotzeko protokoloa egingo dute, eta ondoren, espaloiak eta zoladurak altxatuko dituzte iragazgaizte-geruzetara iritsi eta horiek berritzeko, hainbat komunitatetako sotoetan gertatzen diren ur-iragazketak ahal den neurrian murrizteko.
Baina jarduketaren helburu nagusietako bat Izazpi auzoko 8. eta 17. atarien arteko irisgarritasuna hobetzea denez, gaurko araudia beteko duten arrapalak eta eskailerak egingo dituzte. Halaber, 8. atariko plaza berrantolatuko dute, euri-urak plazatik kanpora bideratu ahal izateko.
Obrak edateko uraren, saneamenduaren eta argiteria publikoaren sareak berritzeko ere baliatuko dituzte. Horrez gain, parkeko zoladura berrituko dute, farolen zimenduak lurperatuko dituzte haurren segurtasuna hobetzeko, eta hiri-altzariak aldatuko dituzte. Goiko aldeko zuhaitz-eremua ere berrantolatuko dute, eraikinen inguruan lorategi berriak sortuz, eta egungo berdeguneek eragiten dituzten ur-iragazketak murrizteko neurriak hartuz.
Lanak Lurkide Hondalanak S.L. enpresari esleitu dizkio udalak, eta 743.011,51 euroko aurrekontua dute, BEZa barne. Aurreikuspenen arabera, Mendizabal Poligonoko 10. fasea 2026ko abenduan amaituko da.
ARGAZKIAK: Zumarragako Udala


