Aldundiaren Gipuzkoan Gazte Tour egitasmoaren barne joko dute
Gipuzkoan Gazte Tour Zumarragara iritsiko da ostiralean eta larunbatean, nerabeei eta gazteei musika, dantza eta kultura garaikidea hurbiltzeko asmoarekin. Ekitaldi sorta hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Gazteria departamentuak antolatzen du, udalekin eta tokiko eragileekin lankidetzan. Helburua ibilbide sendotua duten artistak, sortzen ari diren artistak eta tokiko talentua uztartzea da. Baita gazteei arte diziplina desberdinak zuzenean ezagutzeko aukera ematea ere.
Ostiralean, Gure Txoko gizarte zentroan, Leire Dallas dantzari eta sortzaileak masterclass bat eskainiko du. Dallas hiri dantzarekin eta dantza komertzialarekin lotutako artista da. Bere ikastaroa 18:00etan hasiko da.
Larunbatean, berriz, kontzertua egingo dute Izazpi auzoko parke estalian. 19:00etan hasiko da. Protagonistetako bat Hazas izango da, 2024an Lasarte-Orian sortutako musika proiektua. Hiri soinuak, popa eta rocka uztartzen ditu, zuzeneko emanaldietarako bereziki pentsatutako eta gazteekin lotura duen proposamen batekin. 2024ko udan lehen kontzertuak eskaini zituenetik, proiektua hazten joan da eta hainbat agertokitan aritu da.
Zatekeen Erromeria
Larunbatean Celi DJ eta Zatekeen erromeria taldea ere arituko dira. Zatekeen erromeria musika taldea herrikoa da eta Gipuzkoan Gazte Tourren helburu nagusietako bati erantzuten dio: ibilbide desberdinetako artistek agertokia partekatzea eta udalerri bakoitzari zuzenean lotutako talentuari ikusgarritasuna eta aukerak eskaintzea.
