ACABE Gipuzkoako Anorexia eta Bulimiaren Aurkako Elkarteak gidatuko du. Ikuspegi feminista baten bidez aztertuko dituzte elikadura nahasketak.
Gorputzaren gezur handia izenburuko jarduera hartuko du Urretxun dagoen Urola Garaiko Emakumeen Etxeak ostegunean, urriak 29. ACABE Gipuzkoako Anorexia eta Bulimiaren Aurkako Elkarteak gidatuko du, eta bi orduko iraupena izango du.
Saioa 17:30ean hasiko da, eta parte hartzeko ez da izena eman behar.
“Presio estetikoa ez da adinarekin desagertzen”
“Gizarteak gazteriarekin lotu du ia modu esklusiboan gorputzaren asegabetasuna. Hala ere, ACABE Gipuzkoako laguntza-taldeetan egunero artatzen duten errealitateak agerian uzten du ikusezin jarraitzen duen gizarte alarma handi bat: gero eta emakume heldu gehiago, 40 urtetik gorakoak, hurbiltzen dira elkartera elikadura arazo larriekin, eta beren gorputzen aurkako borroka sakon batekin.
Heldutasunera iristean, emakume askok hamarkadatako isileko sufrimendua daramate gainean. Presio estetikoa ez da adinarekin desagertzen; labirinto bihurtzen da. Zahartzeari beldurra, bizi trantsizioak, prozesatu gabeko dolu edota zaintza lanen karga ikusezina, modu inkontzientean desplazatzen dira elikaduraren eta baskularen kontrolerako joerara. Gorputza askoz sakonagoak diren min emozionalen errudun bihurtzen da. ACABEn badakite sintoma horiek ez direla gutizia edo kapritxo hutsak; egitura sozialak jasan eta alde batera uzten irakatsi digun soto emozional baten laguntza oihua dira”.
Ostegunerako antolatutako topaketak “erabat ihes egiten die hitzaldi teorikoei edo eskola akademizistei. Ikuspegi feministaren bidez, elikadura nahasteak ez direla aukera indibidual bat edo patologia isolatu bat azalduko da; gainkargatzen eta baliogabetzen gaituen sistema baten aurrean garatutako egokitzapen erantzuna eta biziraupen mekanismo hutsala dira”.
