Igandean Buzkantza Eguna ospatuko dute Zumarragako plazan. 11:00etatik 14:30era buzkantzak eta artisauen produktuak salgai izango dira. 12:30ean Urretxu-Zumarraga idi proba sariketaren bigarren saioa jokatuko da. Asier Izagirre, Iñaki Irigoras, Iker Zubillaga eta Ander Aizpururen idiek parte hartuko dute.
Urretxu-Zumarraga sariketaren lehen saioa Urretxuko Santa Anastasia jaietan jokatu zuten. Asier Izagirre Ipiñarrietaren idiak nagusitu ziren, 43 plaza, zinta bat eta 0,35 metrorekin. Bigarren postuan Ander Aizpuru Olalderenak sailkatu ziren (40 plaza eta 2,95 metro), hirugarrenean Iker Zubillaga Igeldorenak (35 plaza eta 3,14 metro) eta laugarrenean Iñaki Irigorasenak (31 plaza). Debekua zela eta, Zumarragako jaietako proba ezin izan zen jokatu. Santa Isabel jaietan jokatu behar zena igande honetan jokatuko da. Santa Anastasia jaietako eta Buzkantza Eguneko markak batuko dira eta hiru onenak Santa Lutzi eguneko finalera pasako dira.
