Igandean, 12:00etan, Euskadiko Lehen Mailako Aizkolari Txapelketako finala jokatuko da Zumarragako Beloki pilotelekuan. Iker Vicente Saralegi, Julen Alberdi Zinkunegi, Hodei Ezpeleta Lopetegi, Eneko Otaño Aizpuru, Arkaitz Etxebeste Lizarazu eta Ibai Soroa Mugerza lehiatuko dira. Finalistek lan gogorra egin beharko dute: 54 ontzako lau enbor, 60 ontzako beste lau eta 72 ontzako beste lau moztu beharko dituzte.
Finalerako sarrerak salgai daude dagoeneko, 37 euroan, herrian banatutako iragarki karteletan agertzen den QR kodearen bidez. Lehiaketaren egunean bertan ere erosi ahal izango dira, pilotalekuko leihatilan, 40 euroan. 16 urtetik beherakoek doako sarrera izango dute, eta 16 eta 18 urte bitarteko gazteek %50eko deskontua izango dute sarreraren prezioan.
Finala atzo aurkeztu zuten, Azokan. Aurkezpenean Mikel Serrano Zumarragako alkateak; Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidenteak; Leire Gerenabarrena erakunde bereko kudeatzaileak; Izaskun Arruti Urretxu eta Zumarragako Herri Kirol Elkarteko zuzendaritzako kideak; eta aizkolariek (guztiak izan ziren, Ezpeleta ezik) parte hartu zuten.
1991ko finala ere Zumarragan jokatu zela gogoratu zuten, besteak beste.
