Noiz eta nolatan hasi zineten pilotan jokatzen?
Unai: 6 edo 7 urte nituela aitonarekin La Salleko frontoira joan nintzen eta pilota bat aurkitu nuen. Inorena ez zenez, pilota horrekin jokatzen hasi nintzen eta gero Ikastolan jarraitu nuen. Ondoren Zumarragako pilota eskolara joan nintzen eta Herrien Arteko Pilota Txapelketa jokatzen hasi nintzen.
Beñat: Ni 5 edo 6 urterekin edo hasi nintzen anaiak animaturik. Unaik ea La Sallera joango nintzen esan zidan eta ezetz esan niezaiokeen bezala, baietz esan, eta ordutik pilotan ari naiz. Orduan orain baino askoz ere ume gehiago aritzen ginen pilotan.
Pilotaz gain, beste kirolen bat ere egin al duzue?
Unai: 18 urte bete arte futbolean aritu nintzen Urolan, baina utzi egin behar izan nuen, ez bainuen jada bi kiroletan batera aritzeko denborarik eta askotan partiduak ordu berean bainituen. Pilotan jarraitzea aukeratu nuen frontoiko giroa gehiago atsegin nuelako eta kirol indibidualagoa denez, jokatzeko aukera gehiago nuelako.
Beñat: Ni ere futbolean aritzen nintzen eta jubeniletan utzi nuen arrazoi beragatik.
Noiz hasi zineten bikote moduan jokatzen?
Beñat: Duela bospasei urte, ni afizionatu mailan aritzeko adinera heldu nintzenean. Ez geneukan batera jokatzeko asmorik, ni aurrelaria bainintzen, baina aurrelari postuan Herrien Arteko Pilota Txapelketan Jabi Erostarbe zegoen eta atzelari postura moldatu behar izan nuenez afizionatutara heltzean anaiarekin jokatzen hasi nintzen.
Zeintzuk dira elkarrekin irabazi dituzuen txapelketa nagusiak?
Lehenengoz Goñiren Omenezko Txapelketa irabazteak ilusio izugarria egin zigun eta oso polita izan zen, jokatu aurretik irabaziz gero txapelak bere familiari ematea pentsatua baikenuen. Txapelketa dezente irabazi ditugu, baina nagusienetan txapeldunorde izan gara: Diario Vasco Txapelketan bitan, Antiguokoan… Urte hauetako guztietako pena nagusia Herrien Arteko Pilota Txapelketan finalera iritsi ez izana da, oso txapelketa polita baita eta zumarragarrei poz handia emango baikenieke.
Pilota mundua asko aldatu al da azken urte hauetan?
Unai: Materiala aldatu da gehienbat, egun pilotakadei eta errebotera heltzeari ematen zaio garrantzia eta horretarako pilota aproposak jartzen dira profesionaletan. Ez da hainbeste begiratzen pilotaria izatea edo kale gutxi egitea. Pilota errebotera bidaltzeko gai denak hobetzeko astia izango duela pentsatzen da eta profesionaletara pasatzeko aukera ematen zaio. Hori dela eta, telebistan partidu txar ugari ikusten dira. Dena den, afizionatu mailan materiala txapelketatik txapelketara asko aldatzen da, batzuetan motelak jartzen dituzte, besteetan bizi-biziak…
Beñat: Duela hamar urteko eskuz banakako finaletan egungoetan baino askoz ere material motelagoa ateratzen zen. Pilota haiek ez ziren 7. edo 8. koadrotik ateratzen, egun, berriz, 4. koadroan jotzen den pilotakada errebotera heltzen da.
Unai: Lehen pilotak sekula ez zuen sekula 8. koadrotik atzera botatzen, egun, berriz, Goñik dezentetan egiten du. Nire ustez, Goñik indarra badu, baina Tolosak ere, adibidez, indarra bazuen.
Herriko pilotazaletasuna ere aldatu al da?
Unai: Herrien Arteko Pilota Txapelketa Urretxun jokatzen genuenean askoz ere jende gehiago joaten zen frontoira, baliteke lehenago talde hobea genuelako izatea. Azken urteotan Txapelketa honek herrian sortzen zuen giroa galdu egin da eta oraingo gazteek ez dute guk genuen gogo hura.
Beñat: Lehen, La Salleko frontoian, nahiz eta irekia izan, elurra edo euria egiten bazuen ere, bertan izaten ginen eta frontoia beteta egoten zen. Orain sekulako frontoia dugu eta jende gutxiago hurbiltzen da, baina hau herri guztietan gertatzen ari dela uste dut. Pilotazaletasuna bultzatzeko zerbait gehiago egin beharko litzateke.
Unai: Eskola kirolaren barnean pilota gehiago bultzatzen saiatu beharko lirateke.
Nolatan erabaki duzue profesionaletara pasatzea?
Unai: Afizionatu maila zapuztua gelditu da, pilotari asko profesionaletara pasa direlako eta txapelketa gutxiago antolatzeaz gain, maila gero eta eskasagoa delako. Hori dela eta, motibatzea gero eta zailagoa egiten zitzaigula konturatu ginen eta azkenean jauzia ematea erabaki dugu.
Beñat: Gure mailan aritzen ziren asko eta asko profesionaletara pasa direla eta nahiko gustura ari direla ikusi dugu eta gu ere nahiko ondo ibili gaitezkeela uste dugu. Froga egin behar dugu eta afizionatuetara itzultzeko aukera beti dagoenez… Oraingoz, entrenamenduetara gogotsu etortzea behintzat lortu dugu.
Garfe enpresarekin pasa behar duzue…
Beñat: Asperekin hitzarmena duen enpresa bat da eta askotan Aspeko pilotariek eta Garfekoek batera jokatzen dute. Bi urte eta erdiko kontratua sinatu dugu eta urtean 40 partidu gutxienez jokatuko ditugula agindu digute, lehenengoa uztailaren hasieran, eta printzipioz elkarrekin jokatuko dugu. Gure lehiakideak Aspen 2. mailan dauden gehientsuenak izango dira: Almandoz, Aritz, Atxa, Otxandorena…
Zeintzuk dira zuen helburuak?
Beñat: Ahal den hobekien aritzea eta azkenaldi honetan galdua genuen ilusioa berreskuratzea dira gure helburuak oraingoz.
Unai: Bestalde, profesionaletan aritzeak gure benetako maila zein den ikusteko aukera eskainiko digu. 2. mailako txapelketetan ondo aritzeko aukera izango dugula uste dut.
TXOKOAN
Afizionatu mailan ikusi duzuen pilotari onena?
Unai: Nagore eta Elkoro.
Beñat: Idiazabalgo Mujikak askoz ere gehiago egingo zuela uste genuen.
Gustukoen duzuen pilotaria?
Unai: Retegi II.
Beñat: Nik ere bai, frontoitik kanpo frontoian bezain argi eta garbi aritzen delako.
Gustukoen duzuen frontoia?
Beñat: Beloki pilotalekuan zabaldu ondorengo lehen urteetan beste frontoi askotan baino askoz ere giro hobea bizi zen. Diario Vasco Txapelketako finaletan ere profesional mailako partidu gehienetan baino giro hobea izaten zen.
Unai: Antiguokoa eta Elgetakoa ere oso frontoi onak da.
Esaguzue bakoitzak bestearen bertuteak zeintzuk diren.
Beñat: Orain arte bere jokaldi onena efektuarekin bidalitako bi pareta izan da, baina azkenaldi honetan airez ere izugarri hobetu du. Azken hilabete hauetan sekulako jokoarekin dabil eta oso momentu ona dugu profesionaletara pasatzeko.
Unai: Beñatek kantxa oso ondo kubritzen du, baina iazko udan pilotakada itzelak ere jo zituen.
Batak-besteari defekturik ikusten al diozue?
Primeran elkar ezagutzen dugunez batak bestearen gabeziak estaltzen ere ondo ikasi dugu. Elkarren aurka jokatzea suertatzen bazaigu, pilota nola eta nora bidali badakigu. Hobe elkarrekin jokatzen jarraitzen badugu gure gabeziak ezkutuan egon daitezen.