
Aurreko astean bete ziren 68 urte Jesus Larrañaga Txurruka Goierri buruzagi komunista frankistek Madrilen fusilatu zutenetik. Langile mugimenduan erreferente, gerra garaian lehen mailako agintari, eta Euskal Herrian komunismoa bertakotzeko eragile garrantzitsu izan zen Goierri.
Urretxun jaioa 1901ean, Beasainen ekin zion politika eta sindikalgintza ibilbideari. Xabierko apaizgaitegian (Nafarroa) ibili zen aurretik, bere bi anaiaren modura, baina «errebeldiagatik» bidali egin zuten. Buru argitasun eta kultura zabaleko pertsona izan behar zuen Larrañagak. Seminariotik pasaera eginda, CAFen hasi zen metalurgiako langile kualifikatu gisa. Primo de Riveraren diktadura garaia zen, 2.000 langile zituen CAFek, eta greba bat antolatzeagatik lantegitik bidali zuten han ere. Bokalera (Lapurdi) errefuxiatu zen 1926an, urtebeterako.
Abertzaletasunetik PCEra
Gaztetan EGIn (EAJren gazteria erakundea) eta ELAn afiliatu zen Larrañaga. Langile mugimenduan harago joan beharrez, 1927an Iparraldetik itzuli ondoren UGTn eta Espainiako Alderdi Komunistan (PCE) sartu zen. Errepublika garaian grebak bultzatu zituen Gipuzkoan, eta Euskadi Roja aldizkaria sortu zuen.
Alderdi komunistan egonagatik, jatorri abertzalearen oinarriei erantzuteko Euskal Herrian komunismoa piztera bideratu zuen ahalegina Goierrik. 1935ean Euzkadiko Alderdi Komunista (EAK-PCE) sortzeko kongresu ilegalean parte hartu zuen, Dolores Ibarrurirekin eta Juan Astigarrabiarekin. Behera Errepublika, gora soviet-ak zuen leloa EAK-k, eta Euskal Herriaren askapen prozesuaren aldeko zen. 1936ko hauteskundeetan Frente Popularretik diputatu izendatu zuten Madrilerako.
Behin gerra sortu zenean Defentsa Batzordeko gerra komisario egin zuten, Donostian. Euskal Herria frankisten esku erabat erori zenean Asturiasera jo zuen, Meabe batailoi komunistaren buruzagi. Alderdikideen partetik izen oso ona bazuen, ez zuten begi onez ikusten EAJkoek, bere lerroetatik irtena baitzen. Larrañagak publikoki salatu zuen Eusko Jaurlaritzaren gerrako jokabidea, Bilbo «aurre egin gabe» frankisten esku uzteagatik eta ondoren Santoñako errendizioa hitzartzeagatik. Iparreko Gudarosteko Brigadaren komisario ordezkari zen frankisten aurrerabideak penintsula erdialdera mugiarazi zuenean.
Levante aldean, gerraren azkenera, Casado jeneralaren estatu kolpearen aurka agertu zen, eta PCko militante ugariri alde egiten lagundu zien. Larrañagak berak Frantziara ihes egin zuen, handik Dominikar Errepublikara, Kubara eta New Yorkera (AEB) gero.
Itzulera eta traizio usainak
Habanan itzulera prestatu zuen alderdikideekin, eta PCk 1941eko irailaren bukaeran Espainiara bidaltzea erabaki zuen, alderdia berreraikitzeko. Gaza itsasontzi portugaldarrean iritsi ziren Iberiar penintsulara, baina Lisboan Portugalgo Poliziak atxilotu egin zituen Larrañaga, Asarta, Grimau eta beste bi lagun. Polizia frankistarekin harremanetan, Espainiaratu egin zituzten urriaren 8an.
Gerra kontseilua egin zieten 1942ko urtarrilaren 19an, eta heriotza zigorrera kondenatu zituzten. Bi egun geroago fusilatu zituzten Larrañaga eta Manuel Asarta donostiarra, urtarrilaren 21eko goizeko zazpi eta erdietan, Madrilgo Almudena hilerriaren inguruan. Zenbait iturrik diotenez «Gora Euskadi askatuta!» oihua izan zen esan zuen azkena, fusilatu aurretik. Ikertzaile batzuek diote PCEk berak egindako salaketak ekarri ziola heriotza. Lehenago ere izan zituen tirabirak Espainiako Alderdi Komunistarekin, hark ez baitzuen onartu euskal alderdia sortu izana, eta «traidore» izatea ere leporatu zion.
Gerra kontseiluan Larrañagaren aldeko testigantza eman zuten Polizia frankistako hainbat guardiak. Gerra piztu zenean Donostian altxatuekin izan zuen jokabidea gogorarazi zuten polizia haiek, Larrañagak eragotzi baitzuen Maria Cristina hotelean gotortu ziren matxinatuak errepublikazaleek hil zitzaten, «garaituak errespetatu» behar zirela esanez. Epaimahaikoek, baina, ez zuten kontuan hartu gizatasun adibide hura.