
Atzo arratsaldean Soziolinguistika Klusterrak Urretxu eta Zumarragako udalen aginduz egindako euskararen kale erabilera neurketa aurkeztu zuen Zelai Arizti kultur etxean. Datuen bilketa iazko urrian egin zen: 4.190 hiztun neurtu ziren eta horietatik 792 euskaraz ari ziren.
Hori ikusita, urretxuar eta zumarragarren %36,3k euskaraz dakiela baina %18,9k bakarrik erabiltzen duela ondoriozta daiteke. 4.190 bizilagun horietatik 3.347 gazteleraz ari ziren eta 51 euskara eta gaztelera ez ziren hizkuntzen batean.
Hiru aldagai
Kale neurketa egiterako orduan hiru aldagai ezberdindu ditu Soziolinguistika Klusterrak Zumarragako eta Urretxuko kasuan. Herri gunea eta auzo gunea batetik, adina bestetik eta sexua azkenik.
Lehen aldagaiari dagokionez, herri gunean eta orokorrean behera egin du erabileraren zenbatekoak. Erdigunetzat Urretxun Gernikako Arbola plaza eta Iparragirre kalea hartu dituzte. Zumarragan aldiz, Secundino Esnaola eta Legazpi kaleak.
Adinari dagokionean ondokoa diote datuek. Haurrak dira (2-14) euskara gehien erabiltzen dutenak; %30,4. Bestalde, 15 eta 24 urte arteko gazteen %15,3k erabiltzen du euskara. 25 eta 63 urte arteko helduen kasuan %16,9 eta adinekoan ertan %7,9k besterik ez.
Sexuari erreparatuta, datuen arabera emakumeek gehiago egiten dute euskaraz (19,4) gizonezkoek baino (%18,3).
Xehetasun gehiago Goierriko Hitzan eta Noticias de Gipuzkoa egunkarietan.
Argazkia: Asier Zaldua