Gema Hernandez atleta zumarragarrak 2012ko duatloi denboraldiari ekin dio. Bi probatan parte hartu du jada, eta bietan marka onak lortu ditu.
Aurreko asteburuan Espainiako Duatloi Txapelketarako sailkatze proba egin zuten Moraleja de Cocan (Segovia). Hernandezek duatloi honetan parte hartu zuen, eta bigarren sailkatu zen 30 eta 34 adinekoen artean. Sailkapen honek Espainiako Duatloian parte hartzeko aukera emango dio. Txapelketa hori apirilean izango da Segovian.
Otsailaren 18an Sopelan (Bizkaia) ospatutako duatloian ere aritu zen. Hirugarren postuan iritsi zen helmugara. Atleta zumarragarra bi aldiz igo da podiumera zortzi eguneko tartean.
Aurreko urteetan Urola triatloi taldeko kide izan da Gema Hernandez. Aurten ez da taldean sartu, eta bere kasa dabil duatloi probak egiten.