Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladak eta Zintzo-Mintzok antolatuta, ostiralean, hilak 13, Urretxu-Zumarragako Gaztelekuan “Erdaldun berrien kluba” antzezlana ikusteko aukera izango dugu.
AEDk ekoiztu duen bigarren antzezlana eta Olatz Pagalday eskoriatzarra oholtzaz oholtza eramateaz arduratzen dena. “Buah txabal!”ek bezala, publikoarengan euskararen erabileraren inguruko gogoeta bultzatu nahi du “Erdaldun berrien kluba”. Betiere umore klabean eta ikusleengan ikuskizun dibertigarri batez gozatu izanaren sentsazioa uzteko asmoz, askoren kontzientzian azkura sortuko duen gaia planteatu izanagatik ere.
Istorioko protagonista Irantzu da; euskaraz pentsatzen, euskaraz sentitzen eta, ahal duen guztietan, euskaraz diharduen neska eskoriatzar bat. Horrek hamaika arazo sortuko dizkio egunerokotasunean eta bizipen horien kontaketak osatzen du antzezlanaren hari nagusia.
Bestalde, euskararen gaiari emakumearen ikuspegitik heltzen dio lanak eta, ildo horretatik, hizkuntza-transmisioaren, emetasunaren edota genero rolen inguruko gogoetak ere eragingo ditu, besteak beste. Formatu txikiko antzezlana da, 45 minutu ingurukoa eta adin guztietako publikoari zuzendua.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide