
Ehunka lagun bildu dira gaur iluntzean Urretxuko Iparragirre plazan, Lurra dantza taldearen 50. urteurreneko jaiarekin gozatzera. 400 dantzari inguruk parte hartu dute jaialdian, baita hainbat musikarik ere. Egungo dantzariez gain, Lurrako dantzari ohiak ere bertan izan dira. Guztira, Lurrako 160 dantzari eta dantzari ohi elkartu dira.
Bestalde, gonbidatuak ere izan dituzte: Kanariar Uharteetan bizi den Rogelio Botanz abeslari legazpiarra, Santanderren musika irakasle den Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarra, Xabier Barriola abeslaria, Edurne Iturbe trikitilaria, Goiargi abesbatza, txistulariak…
Jaialdi jendetsua bezain hunkigarria izan da. Maialen Akizuk eman dio hasiera bertsotan, eta Lurraren sorreran parte hartu zuten guztiak izan ditu gogoan, baita egun falta direnak ere, duela 50 urte dantza talde bat sortzeko jarritako ilusioagatik. Jarraian lore sorta bat utzi dute Iparragirreren estatuaren azpian, eta dantzari ekin diote.
Gaurko jaialdiarekin urtean zehar egin dituzten ekitaldi ezberdinak borobildu nahi izan ditu Lurrak. Gauean herri afaria egingo dute Ederrena pilotalekuan.
Jaialdiko argazki galeria osoa flickr-en : https://www.flickr.com/photos/131184127@N04/albums/72157659693713665