Barbara Rivas aktore zumarragarra, ETBren ‘Go!azen’ telesailean
Zumarraga Barbara Rivas aktore zumarragarrak ETBren Go!azen telesailaren bigarren zatian ere lan egingo du. Grabazioa uztailaren 26an hasi zuten eta udazkenean emitituko dute. Barbara Rivas Go!azen-i esker egin zen ezaguna. 2008an ETB1eko pelikula ikusiena izan zen eta ondoren hamabi ataleko telesaila egin zuten.Telesailak Espainiako Telebista Akademiaren saria jaso zuen haur eta gazteentzako saio onenaren sailean eta Rose D’Or sari entzutetsuetarako izendatu zuten.
Go!azen telesaileko protagonistak udaleku zorrotz batean parte hartzen ari diren gazteak dira. Lehen zatian Rivasek ikasle baten rola bete zuen eta bigarrenean irakaslea izango da. Bigarren zati honek hamar atal izango ditu eta umorea, maitasuna eta musika izango dira nagusi. Gatibu, Ken Zazpi, Zea Mays, Esne Beltza, Vendetta eta Hesian taldeen bertsioak entzun ahal izango dira, besteak beste.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide