Gezurra badirudi ere, 1968ra arte ez zen haurrentzako arropa-dendarik egon Zumarragan. Urte hartan bi ireki zituzten: Mavi eta Baby. Lehenengoak aspaldi itxi zituen ateak eta bigarrenak 50 urte bete zituen iaz. Denda berritzen ari ziren eta ez zuten ospatzerik izan. Hala, ostiral honetan ospatuko dute. Tailerrak, jolasak eta opariak egongo dira, haurrentzat.
Baby Vicenta Gonzalez de Audikanak ireki zuen. Egun, bere erraina da negozioaren arduraduna: Karmele Azkarate. Berak eta bere senarrak, Enrique Mendiolak, hasieran goiko solairuan arropa saltzen zutela eta behekoan zapatak zituztela oroitzen dute.
Arropa 0 eta 20 urte bitartekoentzat zen. Handik gutxira haur-kotxeak saltzeari ekin zioten. Pixkanaka taila kopurua gutxitu zuten eta egun 0-4 urtekoentzat arropa saltzen dute.
Aldaketak
Azkaratek 20 bat urte zituenean ekin zion bere amaginarrebarekin lan egiteari. Ordutik, gauzak asko aldatu dira. «Egun, sport arropa da nagusi. Bestalde, lehen lau marka zeuden eta gaur egun askoz ere gehiago daude».
Hori dela eta, 0-4 urtekoentzat bakarrik saltzea erabaki zuten. «Haurrak txikiak direnean gurasoek ilusio handia dute eta diru gehiago gastatzen dute. Gainera, haur txikiei opari asko egiten zaizkie. Eta opari bat erosteko Donostiara joatea ez da batere arrunta. Izan ere, oparia aldatu nahi bada, berriro joan behar da. 4 urtetik gorakoentzako arropari dagokionez, kate handiek min handia egin digute».
Haur-kotxeei dagokienez, inguru honetan ez dute konpetentziarik. «Goierriko denda guztiak itxi dira eta Donostiaraino joan beharra dago».
Puerikultura artikuluetan ere aldaketa handiak egon dira. Lehen haur-kotxeak eta sehaskak bakarrik zeuden eta gaur autorako aulkiak, motxilak, bainuontziak… daude. «Horrek jaiotze tasaren jaitsiera konpentsatzen du. Haurrak autoan modu seguruan eramatearen garrantziaz jabetu gara, eta aulki batzuk 500 euro balio dute. Duela 10 urte 500 euroko aulkiak saldu behar genituela esan izan baligute, ez genuke sinetsiko».
Azkaratek eta Mendiolak eskerrak eman nahi dizkiete 51 urte hauetan eduki dituzten bezero guztiei eta, batez ere, gaur egungoei. Horretarako, festa bat antolatu dute. Ostiral honetan izango da, 17:00etatik 20:00etara, dendaren kanpoaldean. Protagonistak haurrak izango dira: tailerrak, jolasak, zozketak eta photocall bat egongo dira.