Urriaren 25ean aldundiaren eta Morgan ekoiztetxearen Iparragirre ikuskizuna estreinatuko da Labeaga aretoan
2020ko martxoaren 14an, alarma egoera ezarri zenean, hasi berria zen Iparragirre 2020 programazioa eten egin zen. Urretxuko Udalak ekitaldirik gabeko aste hauek programa aztertzeko baliatu du: zein ekitaldi mantendu daitezkeen, zeintzuk aldatu behar diren… Hala, programa berriro abian jartzeko eguna heldu da. Horretarako, udalak Iparragirreren jaiotze eguna aukeratu du: abuztuaren 12a.
Egun horretan, Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarrak urteurrenerako propio idatzitako obra Urretxutik mundura obra aurkeztuko du eta herriari emango dio. Ekitaldi berean, herriko seme ospetsuenaren estatuari aurreskua eskainiko diote eta lore eskaintza egingo dute. Hilerriko mausoleoan ere omenaldi txikia egingo zaio.
Egun batzuk lehenago, abuztuaren 8an, Musika Hamabostaldiak ere Iparragirre omenduko du: 20:00etan, San Martin de Tours elizan, German Ormazabal piano-jotzaileak, Andoni Egaña bertsolariak eta Maite Arruabarrena mezzosopranoak kontzertua egingo dute. Sarrerak agortu egin dira dagoeneko.
Irailaren 11an, berriz, Loraldiaren Iparragirre Bihotzeko Jose Mari obra antzeztuko dute Labeaga aretoan. Antzerki saio hau martxoaren 10ean egin behar zen, baina koronabirusa dela eta, bertan behera gelditu zen.
Urriaren 4an, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Urretxuko alde zaharreko igande gastro- kulturalak hasiko dira Goiko kale eta Iparragirre kaleetan. Igandero XIX.mendera itzultzeko aukera egongo da, gastronomiaren eta musikaren eskutik.
Bukatzeko (oraingoz) urriaren 25ean Iparragirreren ibilbidea bisita gidatuaz gozatzeko aukera egongo da eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Morgan ekoiztetxearen eskutik Iparragirre ikuskizuna estreinatuko da Labeaga aretoan.