Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren ondotik, Eusko Jaurlaritzak hartuko dituen neurrien berri eman du Osasun Sailburuak. Gaueko jarduerak mugatzeaz gain, norbere herritik ateratzeko debekua ezarriko dute.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak, erakunde horrek onartuko duen dekretuaren xehetasunak eman ditu, Euskadiko Babes Zibileko Planaren bilera bukatu berritan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ezingo dute euren herritik atera. Halere, “ohiko igarobideko” udalerri mugakideetara mugitzeko aukera egongo da, jarduera sozioekonomikoak egiteko. Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik ateratzea eta horietara sartzea ere debekatuta egongo da. Eremu publikoan eta pribatuan gehienez sei pertsona elkartu ahal izango dira, elkarrekin bizi diren pertsonak kontuan hartu gabe. Dekretua gaur bertan argitaratzea espero dute, eta horrela bada, bihar 6:00etan jarriko dute indarrean. Hamabost egunean egongo da indarrean.
Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren ondoren, orain arte hartutako neurriei gehituko zaizkien puntu hauek gehitu ditu:
NEURRI AIPAGARRIENAK
BAT – Gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea (23: 00etatik 06: 00etara).
Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan aurreikusitako jarduerak egiteko bakarrik zirkulatu ahal izango dute pertsonek erabilera publikoko bideetatik edo espazioetatik. Beharrezko jarduera horien artean, honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: osasun-jarduerak, lanekoak, profesionalak, hezkuntzakoak, adinekoak edo adingabeak zaintzea.
BI- Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartzeko eta irteteko mugak.
Horrez gain, mugatu egiten da pertsonek bizilekua finkatuta duten udalerriko mugarte bakoitzean pertsonak sartzeko eta irteteko modua. Jarduera sozioekonomikoak egiteko, ohiko igarobideko udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimenduko da.
Puntu honetarako jasotako salbuespenak dira, halaber, osasun-arlokoak, lan-arlokoak, profesionalak, hezkuntzakoak, menpekoen, adinekoen edo adingabeen zaintzakoak, besteak beste.
HIRU – Pertsona-taldeak espazio publiko eta pribatuetan egoteko muga: gehienez 6 pertsona.
Salbuespenak izango dira bizikideak izatea.
Indargabetuta geratuko dira dekretu honetan eta haren eranskinean ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko eta beheragoko arau eta egintza guztiak, eta, bereziki, indargabetuta geratzen dira Osasun sailburuaren 2020ko urriaren 22ko Aginduak, osasun publikoaren arloan prebentzio-neurri espezifikoak hartu zituztenak.
Neurri horietan guztietan, legeak aurreikusitako salbuespenak ezarriko dira: kalera ateratzeko aukera egongo da botikak erosteko, erietxera joateko, albaitariarengana larrialdi batekin joateko, lanera joateko, etxera itzultzeko eta adinekoak, adingabeak edo mendekotasuna dutenak zaintzeko.
Dekretuan aurreikusitako “neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa” egingo dutela aurreratu du jaurlaritzak, eta “gehienez ere 15 eguneko epean, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko”.