Urretxuko Galdeano patata banaketa enpresa Gipuzkoako handiena da. Kalitatearen aldeko apustua egin zuten eta herrialdeko jatetxe eta taberna ezagunenek Galdeano enpresari erosten dizkiote patatak.
Patata Amerikatik heldu zen eta berehala arrakasta lortu zuen. Oso gutxi dira patata gustuko ez duten pertsonak eta etxe eta jatetxe guztietan erabiltzen den produktu bat da. Euskal Herriko patata ospetsuenak Arabakoak dira, baina patata horietako asko Urretxutik pasatzen dira etxeetara eta jatetxeetara heldu aurretik. Galdeano patata banaketa enpresatik, hain zuzen ere.
Enpresa hau Benigno Gonzalez de Galdeanok sortu zuen. Gizon hau Agurainen jaio zen, baina gaztetan Zumarragako Orbegozo enpresara etorri zen lanera. Gainera, bere jaioterritik patatak ekartzen zituen eta hemen saltzen zituen. Hasieran, trenez ekartzen zituen eta partikularrei eta jatetxeei saltzen zizkien. Ondoren, kamioia erosi zuen eta azoketara joaten hasi zen. Duela 50 urte inguru lantegiko lana utzi zuen, patata banaketan buru-belarri aritzeko.
Kalitatea
Egun, bere bi semeak, Julio eta Sergio, arduratzen dira negozioaz. Beraien eskutik, enpresa hazi egin da eta egun hamabi langile ditu. «Duela urte batzuk kalitate agiriak lortzeari eta bezero berriak bilatzeari ekin genion: catering enpresak, jatetxeak, hotelak… Gipuzkoa herrialde txikia da. Ez da Madrilen bezainbeste jende bizi eta berezitasun bat bilatu behar da», azaldu du Sergio Gonzalez de Galdeanok.
Gainera,enpresen arteko lankidetzaz baliatzen dira. «Gure produktua oso merkea denez, asko saldu behar da irabaziak lortzeko. Hori dela eta, beste banatzaile batzuekin elkarlanean aritzen gara. Nola? Bezeroen artean kanpoko catering enpresak ere baditugu, baina ez da errentagarria bi edo hiru kaxa hara eramatea. Halakoetan, bertako enpresa batek eramaten dizkie. Eta alderantziz. Kanpoko banatzaile batek hemendik gertu bezero bat badu eta enkargu txiki bat badu, gure patatak eramaten dizkiogu».
Lan egiteko moduaz gain, produktua ere asko aldatu dela dio. «Laugarren gamako produktuarekin asko lan egiten da (zuritu eta zatitu ondoren, enbasatuta saltzen diren patata naturalak). Horretaz gain, tipulak, baratxuriak eta Florette markako entsaladak saltzen ditugu. Guk banatzen dugu marka horretako entsalada Gipuzkoako taberna eta jatetxetan».
Jatetxe askorekin lan egiten dute, ia Euskal Herria osoan. Horien artean, Michelin izarra duten zenbait. «Gipuzkoan ostalaritzak oso maila altua du eta horrek kalitatearen aldeko apustua egin dugunoi mesede egiten digu. Oso argi dute zer nahi duten eta urte asko daramatzagu beraiekin lanean».
Katalogo oso zabala dute: 50 patata mota eskaintzen dituzte. Patatak toki askotatik ekartzen dituzte: Estatu espainiarreko herrialde ia guztietatik, Estatu frantziarretik… eta Arabatik, noski. «Denboraldia martxoan hasten da, hegoaldean. Azkenekoak irailekoak izaten dira, iparraldekoak. Euskal Herriko patata bultzatzen saiatzen gara, baina kanpotik ekartzera ere behartuta gaude».
Galdeano Gipuzkoako patata banaketa enpresa handiena da. Hamar ibilgailu dituzte, guztiak hozkailudunak. «Arabako eta Nafarroako patatak guk geuk ekartzen ditugu Urretxura. Gainontzeko guztiak garraiolariek ekartzen dizkigute. 3,5 milioi kilo patata saltzen dugu urtero. Gure bezeroen artean, catering enpresez eta jatetxeez gain, ikastetxeak eta ostalaritza eskolak daude. Fruta-dendekin ez dugu horrenbeste lan egiten, askok patata arruntagoak saltzen baitituzte».
Beraien bezeroen artean, patata tortillagatik ezagunak diren tabernak daude. Donostiako Juantxo, adibidez. «Juantxo Estatu espainiarrean biztanleko patata tortilla gehien egiten dituen taberna da. Produktua oso ondo zaintzen dute eta hori guretzako gozamena da. Halako bezeroak izatea luxua da».
Gonzalez de Galdeanok patatak jatea gomendatzen du, noski. «Errioxar erara egindako patatak, patata tortilla… bikainak dira. Egunero patata frijituak jatea ez da ona, noski. Patatak, gainontzeko guztia bezala, neurrian eta ondo eginda jan behar dira. Baina etxean patatak edukitzea komeni da. Izan ere, mundu guztiaren gustuko elikagaia da: merkea, gozoa, egiteko erraza…», amaitu du.