Zumarraga-Urretxuko eta Legazpiko EAJk anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea egunero irekitzeko eskatu diote Osasun sailburuari
Gutun bat bidali diote Gotzone Sagarduiri, egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzeko eskatuz

Zumarraga-Urretxuko eta Legazpiko EAJk eskutitz bat bidali diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzeko eskatuz.
Horra hor gutunaren edukia:
Sailburu agurgarria: Eskutitz honekin EAJ-PNV Zumarraga-Urretxu eta Legazpiren kezka azaldu nahi dugu Zumarragako udalerrian dagoen Etengabeko Arreta Gunearen egungo eta etorkizuneko egoeraren inguruan. Behin eta berriz helarazi dugu Etengabeko Arreta Gunearen etorkizunaren inguruko kezka eta ezinegona. Goierri Urola Garaiko ESItik jakinarazi digute, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-alertaren ondorioz, 2020ko martxoan Kontingentzia Plan bat jarri zela martxan, Goierri-Urola Garaiko ESIko osasun-arretaren erabateko berrantolaketa ekarri zuena. Berrantolatze horren helburua izan zen osasun zerbitzuen segurtasuna eta kalitatea bermatzea; osasun krisialdiaren eta horren ondorioz sortutako behar berriek eragina pairatu duten zerbitzuei. Azaldu digute, berrantolaketa horrek, beste neurri askoren artean, martxoaren 28an Zumarragako EAG ixtea ekarri zuela. Pandemia iritsi zen arte, EAGak Zumarraga, Urretxu, Legazpi, Ezkio-Itsaso eta Gabiriko herritarrei ematen zien zerbitzua; astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 8:00etara eta asteburuan 24 orduz. Arestian aipatutako datatik aurrera, arreta telefonikoa eskaintzen hasi ziren, edo Beasaingo anbulatorioan eta Zumarragako ospitalean aurrez-aurreko arreta jasotzeko aukera. Neurri berriak hartu ahala, EAGren arreta-ordutegia ere egokitzen joan dira; orain zerbitzua eskaintzen da astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara unitatean bertan, eta larunbat, igande eta jaiegunetan 9:00etatik 21:00etara EAGn. Hau da, gauean larrialdirik izanez gero, Zumarragako ospitalera edo Beasaingo anbulatoriora joan behar da. Aldaketa horrek herritarrengan sortzen duen kezkaz eta Beasainera edo Eskualdeko Ospitalera joan beharrak herritarrei dakarzkien eragozpenez jabetuta, Zumarragako-Urretxuko eta Legazpiko EAJ-PNV behin eta berriz jarri dira harremanetan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, itxieraren eragina aztertzeko, eta aldi berean, gure desadostasuna adierazteko. Egoera honen aurrean: Zumarraga-Urretxuko eta Legazpiko EAJ-PNVk Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatzen dio itzul dadila 2020ko martxoaren 28a baino lehenagoko egoerara eta, beraz, eutsi diezaiola, pandemia garai honetan ere, 24/365 arretari Zumarragako EAGn, etengabeko arretarako gune guztietarako gauzatzen ari den modernizazio-proiektua amaitzen ez den bitartean.
|