Bederatzi lagun Enplegu Planari esker kontratatu dituzte, eta beste biak gazteei lan munduan tokia egiteko planaren bitartez.

Zumarragako Udalak hamaika pertsona kontratatu ditu Enplegu Planaren eskutik. Bederatzi pertsona enplegua sustatzeko laguntzen babesarekin kontratatu ditu: kudeaketa administratibo teknikaria, komunitate esku-hartze teknikaria, informazio eta komunikazio teknikaria, hiri mantenuko lehen mailako ofiziala, hiri mantenuko hiru langile eta lorategiak zaintzeko bi langile. Lehenengoak lanaldi erdiko kontratua du eta gainontzekoek lanaldi osokoa. Guztiak sei hilabeterako kontratatu dituzte. Kostua 140.000 eurokoa da eta udalak 106.000 euroko laguntza du.
Beste bi langileak gazteei lan munduan tokia egiteko planaren laguntzarekin kontratatu ditu. Batak ekonomia eta ingurumen gaietan lan egingo du eta besteak artxiboan. Biek lanaldi osoko kontratua dute. Batak urtebetekoa eta besteak zortzi hilabetekoa. Aurrekontua 78.500 eurokoa da eta udalak 44.000 euroko laguntza jaso du. Bestalde, Uggasak bi gidari turistiko kontratatu behar ditu.