Iñaki Antiguedad, Pedro Arrojo eta Maria Sanchez adituek parte hartu zuten

Joan den ostegunean urari buruzko solasaldia egin zuten Zelai Arizti aretoan, Onura Publikoa ekimenak antolatuta. Ekitaldian Iñaki Antiguedad, Pedro Arrojo eta Maria Sanchez adituek parte hartu zuten, Iraia Oiarzabal kazetari zumarragarrak gidatuta.
Pedro Arrojo izan zen hitza hartzen lehena. Edateko ura eta saneamenduko uraren Nazio Batuen Erakundeko errelatore berezia da. Ura giza eskubide moduan ulertu behar dugula esan zuen eta inori ezin zaio ur zerbitzua moztu, berau ordaintzerik ez badu.
Iñaki Antiguedadek hidrogeologian katedradunak hartu zuen hitza jarraian. Ur kontsumitzaileak ezin direla bezeroak izan esan zuen, “ospitalera doan edonor bezeroa ez den bezala”. Ura bizitzarako oinarrizko den momentutik, merkatuko arauetatik kanpo egon behar duela azpimarratu zuen. Beraz, hau bermatuko duen kudeaketa sistema bakarra publikoa dela esan zuen. Bere harridura azaldu zuen Zumarraga eta Urretxun ematen den uraren kudeaketa ereduaren inguruan eta oso kezkagarria dela azaldu zuen.
Maria Sanchez izan zen parte hartzen hirugarrena. Valladolideko Izquierda Unidako zinegotzia da eta hiriburuko ur zerbitzuaren munizipalizazio prozesuan erreferente argia izan da.
Azken parte hartzaileak, ekimeneko kideak izan ziren. Urretxu eta Zumarragako uraren kudeaketaren publifikazioaren aldeko aldarria egin zuten. “Giza eskubide bat ezin da esku pribatuetan utzi”, esan zuten. Beraz, orain enpresa pribatuan dauden langileak enpresa publikoan lanpostua bermatua eta kontsolidatua izan behar dutela aldarrikatu zuten. Tasen jaitsiera ere eskatu zuten, Gipuzkoako beste udalerrien bataz bestekora iritsi arte, “Zumarraga eta Urretxu baitira ur garestiena duten herriak”. Enpresa pribatu baten irabaziak babesteko tasak neurrigabe igo direla salatu zuten.