Kaltetuen alde lan egiten ari den urretxuar eta zumarragar taldeak mezuak, bertsoak, hausnarketak, artelanak, eskulanak... jasoko ditu

La Palmako sumendiak kaltetuei laguntzeko sortu den taldeak alde emozionala ere landu nahi du. Hori dela eta, materialaz gain, elkartasun mezuak jasoko ditu. Kutxa Emozionala deitu diote. Hausnarketak, margolanak, eskulanak… jasoko dituzte. Dagoeneko ikastetxeekin harremanetan jarri dira eta herriko artistei deialdia luzatu diete. “Ez dugu alde emozionala ahaztu nahi. Gure ustez, laguntza materiala edo ekonomikoa bezain garrantzitsua da. Hori dela eta, alde emozionala zaintzeko ekintza bat pentsatu dugu, herritar guztiek parte har dezaten. Aportazio guztiak kutxa batean bidaliko dizkiegu. Ekintza hori ez dago gure eskualdera mugatua. Edonork parte har dezake. Anima zaitezte irribarre bat, besarkada bat, bultzada bat… bidaltzera”, esan dute.