Obra datorren urteko Aste Santuan hasiko da. Aspaceko erabiltzaileentzat eguneko zentroa eta apartamentuak egingo dituzte eta adinekoentzat apartamentu tutelatuak
Urretxuko Udalak pasiotarren eraikina eraberritzeko proiektua eta obra esleitzeko pleguak onartu ditu. Obra datorren urtean hasiko da. Eraikinean eguneko zentroa eta etxebizitzak egingo dituzte Aspaceko erabiltzaileentzat eta apartamentu tutelatuak adineko pertsonentzat.
Proiektua eta pleguak asteleheneko osoko bilkuran onartu zituzten. «Helburua lizitazioa lehenbailehen martxan jartzea da, Aste Santu inguruan obra martxan jarri ahal izateko».
Lehengaien etengabeko garestitzea dela eta, prezioa %10 igo dute. Izan ere, udala lehiaketara enpresarik aurkeztuko ez zen beldur zen. Pleguen arabera, obra 2.284.000 euroan esleituko dute. Obrak urte eta erdiko iraupena izango du. Obraren prezioa igo ahal izateko, kreditu gehikuntza onartu behar izan dute.
Kreditu gehikuntzak
Beste egitasmo batzuetarako ere kreditu gehikuntzak egon dira: ostalariei laguntzeko, Santa Lutzi feria antolatzeko (aurrekontuak onartu zirenean ez zegoen argi antolatu ahal izango ziren, duela aste batzuk baietz zirudien eta atzoko ebazpenaren ondoren, aztertu beharra dago), Berriotxoa familiari lursail bat erosteko (Matxinporta industrialdearen eta Iparragirre kaleko lehen etxeen artean dagoena) eta Emakumeen Etxean zuntz optikoa instalatzeko. Kreditu gehikuntzak egon diren arren, udalak lau milioi euroko soberakina du oraindik.
Osoko bilkuran ostalariei 2021eko uraren eta zaborraren tasak ordaintzea eta terrazen tasa ez kobratzea erabaki zen. 2022an ostalariei tasa guztiak kobratzea asmoa dago. Soberakinetik 65.000 euro hartuko dira ostalariei uraren eta zaborraren tasak ordaintzeko. Eta terrazen tasa ez kobratzeagatik, udalak 28.000 euro kobratzeari utziko dio.
Asteleheneko osoko bilkuran ekintzailetasuna sustatzeko eta enpresa lehiakortasuna hobetzek diru-laguntzak arautzeko oinarriak ere onartu ziren. Aurrekontua 16.000 eurokoa da.
Bukatzeko, udalak Migraziorako Euskal Itun Sozialari atxikimendua azaldu zion. Itun honen oinarria, etorkinei guri gustatuko litzaigukeen harrera egitea da.