CCOOk antolatuta, amiantoaren inguruko mahai ingurua egin dute Zumarragan. Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako 'Hauts' dokumentala ere ikusgai izan da.

Amiantoak eragindako kalteen inguruko ekitaldia egin zuten atzo Zumarragan, CCOO sindikatuak antolatuta. Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako Hauts dokumentala eman zuten eta mahai-ingurua egin zuten. Mahai-inguruan Alfonso Riosek eta Jesus Uzkudunek parte hartu zuten. Rios CCOO Euskadiko lan osasuneko arduraduna da eta Uzkudun Asviamie elkarteko kidea.
Asviamie amiantoak kaltetuen elkartea da. «Goierri garaian ere amiantoarekin lan egin zen: Patrizio Etxeberrian, Orbegozon eta beste enpresa txikiago batzuetan. Amiantoarekin lan egin dugunon Osalanen zerrendan 12.000 pertsona gaude dagoeneko. Azken urteotan zifra hori bikoiztu egin da, baina amiantoarekin lan egin duten beste horrenbeste daudela uste dugu. Zerrenda horretan egon beharra dago medikuek jarraipena egiteko eta kalte ordainak jasotzeko», azaldu du Uzkudunek. Hori dela eta, amiantoarekin lan egin duten susmoa duten guztiei Asviamie elkartearekin harremanetan jartzeko eskatu die. 691 833 456 zenbakira deitu behar da.