Unicef-ekin lankidetza hitzarmena sinatu du udalak, haurren eskubideen bermatzaile gisa herri mailan betetzen duen zereginean erakundearen laguntza jasotzeko.
Zumarragako Udalak eta Unicef erakundeak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian, Haurren Lagun diren Hiriak ekimenaren baitan. Mikel Serrano alkateak eta Unicefeko Euskal Herriko Batzordeko presidentea den Isidro Elezgaraik sinatu dute hitzarmena, eta ekitaldian Unicefeko haurren politikarako arduradun Marga Moranek eta udaleko Euskara, Gazteria eta Hezkuntza zinegotzi Nerea Errastik ere parte hartu dute.
Serranok adierazi duenez, Haurren Lagun diren Hiriak “legealdiko proiektu esanguratsuenetako bat ” da, eta herriko gazteenen premiekin eta errealitatearekin lotzen da. Kolektibo hori oso garrantzitsua dela adierazi du, “etorkizuna” direlako, eta ezinbestekotzat jo du haien partaidetza “Zumarraga hobetzeko”.
Udalaren konpromisoak
Unicef erakundearen bidez iritsi da proiektua Zumarragako Udalera, eta haren laguntza izango du aurrerantzean “haurren bermatzaile gisa herrian betetzen duen zereginean”. Lankidetza hitzarmenaren sinadurarekin prozesu bat jarriko du martxan udalak, “haur eta nerabeek tokiko politiketan parte har dezaten sustatzeko”, eta kolektibo horren eskubideak bultzatuz eta horiek tokiko politikan txertatuz, Zumarraga Haurren Hiri Lagun bihurtzeko.
Unicefen aitorpen hori lortzeko, hainbat estrategia jarriko dituzte martxan. Hala, Barne Koordinazio Mahai bat osatuko dute, haurren ongizatean eragiten duten udal arlo guztien partaidetzarekin, eta haurren partaidetzarako organo bat ere eratuko dute, funtzionamendu erregularra eta egonkorra izango duena. Kolektibo horri zuzendutako plan bat ere osatuko dute, udal aurrekontuetan zati bat izango duena. Azkenik, osoko bilkurara eramango dute Zumarraga Haurren Hiri Laguna aitortzeko eskaera.
Aitortza, ekainean
Zumarragarentzat gaurkoa “egun garrantzitsua” dela adierazi du Isidro Elezgaraik, lankidetza hitzarmenaren sinadurarekin pauso bat eman duelako Nazio Batuek onartutako mundu osoko Haurren Hiri Lagunen sarean sartzeko. Gaur 30.000 kidetik gora dituela azaldu du, eta Euskal Herrian Zumarraga bezala beste 18 herri ari direla lanean aitortza hori 2023ko ekainean jasotzeko.
Haurren Hiri Lagunen egitasmoak lanean jarriko du udala modu transbertsalean haur eta gazteen gaiak lantzeko, eta gazteenen partaidetza ere eskatuko du, aurretik denen artean adostu dituzten proiektuak gauzatu ditzaten.